Sidenorreko lan gatazka

Langile batzordea baliogabetzeko saiakerak "porrot" egin duela nabarmendu du ELAk

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 29a

Sidenor enpresaren Azkoitiko lantegia. (Andoni Elduaien)

ELAk adierazi du "zuzendaritzak eta harekin lerrokatutako sindikatuek baldintzatu" dutela asteazkenean egindako bozketaren prozesua. "Langileak zatitzeko ahaleginen" aurrean, ELAk "enpleguaren eta lan baldintzen defentsan" jarraituko duela azpimarratu du.

Sidenor enpresaren Azkoitiko lantegian langile batzordea aldatzeko prozesuak "porrot" egin duela adierazi du ELA sindikatuak. Bozketa horretan ez dute gutxieneko babesa lortu langile batzordea berritzeko hauteskunde sindikalak deitu ahal izateko. Horren aurrean, sindikatuak salatu du "kontrolatutako prozesua" izan dela, "zuzendaritzak eta harekin lerrokatutako sindikatuek baldintzatu" dutela bozketa. "Zuzendaritza karguak eta beren ingurukoek parte hartu zuten bozketan. Hala ere, gutxiengoaren babesa lortu dute bakarrik", adierazi du.

ELAk esan du ez duela "langileen arteko liskarra sustatzen duten prozesuetan" parte hartuko, eta berretsi du horrelako ekimenek "langileak zatitzea" baino ez dutela bilatzen. "ELAk aurrera begiratu nahi du, eta beste erasorik ez badago, langileen bizi eta lan baldintzak hobetzen jarriko du fokua. Koherentziaz eta egiaz, eta bozketaren ondoren, langileen gehiengoarekin, aurrera jarraituko dugu".

Bestalde, sindikatuak gogora ekarri nahi izan du Sidenorrek iaz 6,8 milioi euroko irabaziak izan zituela, baina, bien bitartean, negoziazio mahaia blokeatuta dagoela 2025eko martxotik. "Azken urteetan, langileek %20ko erosahalmenaren galera izan dute, eta, gainera, mekanismo desberdinak erabiliz, izugarria ari da izaten lanpostuen suntsiketa: kaleratzeak, mugikortasun geografikoaren aitzakiaz egindako ezkutuko kaleratzeak, lanpostuen amortizazioak...". Sindikatuarentzat hori da Sidenorren egun eta etorkizunean "aldatu beharreko bakarra", hori da "defendatu beharreko interes nagusia".

Aste honetan egindako bozketen ondotik, ELAk esan du langile batzordean dauden beste kide batzuek "beste interes batzuk" dituztela egun, eta horiei zuzenduta, honako hau adierazi du: "Hitz egin dezatela behingoz gezurrik esan gabe, argi eta garbi. ELAk Azkoitiko lantegiaren etorkizuna defendatzen jarraituko du". Bide batez, lantegia diru publikoarekin laguntzen duten erakundeei "ardura hartzeko deia" egin die sindikatuak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide