Sidenorreko lan gatazka

Gutxieneko babesa lortu gabe, bere horretan jarraituko du Sidenorren Azkoitiko langile batzordeak

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 28a

Sidenor enpresaren Azkoitiko lantegia. (Andoni Elduaien)

Sidenor enpresako langileek ELAk eta LABek langile batzordean duten gehiengoari eutsi edo ez bozkatu zuten atzo. Bozkatu duten gehienek langile batzordea atzera botatzearen alde egin dute, baina ez dute lortu beharrezko boto kopurua.

Sidenor enpresaren Azkoitiko lantegiaren batzordean gehiengoa izaten jarraituko dute ELA eta LAB sindikatuek. Atzo, asteazkena, egungo langile batzorde atzera botatzea edo horri bere horretan eustea bozkatu behar izan zuten langileek. Prozesuan parte hartu zuten beharginen gehiengoak batzordea atzera botatzearen alde egin bazuen ere, ez ziren iritsi horretarako nahitaezkoa zuten kopurura. 

Hiru txandatan banatuta egin zituzten bozketak: 13:30ean, 14:00etan eta 22:00etan. Guztira, 119 langilek parte hartu zuten, eta horietatik 94 lagunek bozkatu zuten langile batzorde berri bat eratze aldera hauteskunde sindikalak aurreratzearen alde. Dena den, aldaketa hori gauzatzeko 111 boto behar zituzten denera, eta horrenbestez, egungo langile batzordeak eutsiko dio bere jardunari, hauteskunde sindikalak aurreratzea baztertuz. Hori hala, ELA eta LAB sindikatuek jarraituko dute Azkoitiko lantegiko batzordean, gutxienez, aurtengo azaroan lantegian egingo dituzten hauteskundeetara arte.

Sidenorreko Azkoitiko lantegiko hainbat beharginek, CCOO, UGT eta LSB-USO sindikatuek bultzatuta, sinadura bilketa prozesua abiatu zuten duela bi aste, egungo enpresa batzordeak jarraituko duen ala ez erabakitzeko asanblada egin zezaten. Langileen %33k baino gehiagok sinatu zuen proposamenaren alde, eta atzo horregatik egin zuten bozketa. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide