Ane Bosch Xeye atletismo taldeko korrikalari azkoitiarrak beste garaipen bat eskuratu du asteburuan: oraingoan, 18 urtez azpiko kategorian 3.000 metroko proba irabazita jantzi du urrezko domina, Gipuzkoako Txapelketan.
Larunbatean jokatu zuten Gipuzkoako Txapelketa Arrasateko Mojategi atletismo pistan, eta bere proba 10:55.23 denborarekin osatuta irabazi zuen txapelketa azkoitiarrak. Hilabeteren buruan zintzilikatu duen hirugarren domina izan zen larunbatekoa: izan ere, joan zen hilean 1.500 metroko Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen Boschek, eta distantzia berean Euskadikoa ere irabazi zuen duela aste gutxi.
Bestalde, Boschen taldekide Ibai Maiz eta Laia Urrestilla korrikalari azpeitiarrek ere domina bana eskuratu dute 3.000 metroko Gipuzkoako Txapelketan. Maizek lehen postua eskuratu du 18 urtez azpiko kategorian, hiru kilometro 9:24.99 denboran eginda; Urrestillak, berriz, zilarrezko domina jantzi du 16 urtez azpikoen mailan, proba 11:58.39 denborarekin burututa.
Hiru atleta horiez gain, Xeyeko beste zenbait korrikalarik ere 100 zein 800 metroko hainbat proba egin zituzten larunbatean Arrasaten izandako jardunaldian, eta horiek ere denbora "oso onak" egin zituzten.