Azkoitiko udalbatzarrak

Eztabaida giroan, baina bi kreditu gehigarriak onartuta

Oier Arregi eta Aitziber Arzallus 2026ko apirilaren 30a

Apirileko udalbatzarrean aztertu dituzten proposamen guztiak onartu dituzte, baina aurrez luze eztabaidatu eta gero. Azkoitia Baik ausardiaz jokatzeko eskatu dio EH Bilduri, eta indarrak batuta udal gobernuaren jarduna oztopatzeko gonbidapena egin dio; EH Bilduk ezetz esan dio.

Atzo arratsaldean egin zuten apirileko ohiko udalbatzarra Azkoitiko Udalean ordezkaritza duten EAJko, EH Bilduko, Azkoitia Bai herri plataformako eta PSE-EEko zinegotziek, eta luze jo zien bederatzi puntuko gai zerrenda aztertzeak. Udal gobernuak egindako proposamen guztiak atera ziren aurrera; horrela, onartutzat eman zituzten etxez etxeko laguntza zerbitzua kontratatzeko jardunbideari hasiera ematea; udal aurrekontuetan bi kreditu gehigarri egitea, 935.000 eurokoa bata eta 100.000 eurokoa bestea; Zubiaurre-Elkargunerako 142.000 euroko kreditu gehigarri bat; eta 2026-2028 diru laguntzen plan estrategikoaren lehenengo aldaketa.

Udalaren bi kreditu gehigarriak izan ziren eztabaida handiena eragin zutenak, eta horiek aztertzeari ekin aurretik hainbat azalpen eman zituen Ana Azkoitia alkateak. Esan zuen gai zerrendan zetozenak aurtengo bigarren eta hirugarren kreditu gehigarriak zirela, aurrenekoa alkate dekretuz onartu zuelako orain aste batzuk. Partida guztiak kreditu gehigarri bakarrean sartu beharrean bitan zatitu izana, berriz, EH Bilduren eskariz egin zuela zehaztu zuen, nahiz eta ez izan ohikoena.

Kreditu gehigarri bakoitzean sartutako partidak zeintzuk ziren zehaztu zuen alkateak. 935.000 euroko kreditu gehigarrian, honako hauek: 31.000 euro udal eraikinen garbiketari lotutako eta desbideratutako 2024ko faktura bat ordaintzeko; 3.000 euro Maxixatzeni diru laguntza gehigarria emateko; 300.000 euro Txalonerrekako postea kentzeko; 500.000 euro San Martingo aparkalekuaren obrak egiteko; eta 100.000 euro Azkoitia Baik eskatutako Ostatu zerbitzuaren eraikinaren proiektua aurrea ateratzeko. Beste kreditu gehigarria, berriz, elizako teilatua konpontzeko 100.000 euroko partidari zegokiola azaldu zuen alkateak. Eta horiek babestearen truke Azkoitia Baik ezinbesteko bi baldintza jarri zizkiola ere esan zuen Ana Azkoitiak: batetik, Ostatu zerbitzurako 100.000 euro jartzea; eta bestetik, lehentasunak alderdi guztien artean adosteko konpromisoa hartzea. Adierazi zuenez, lehen eskaria onartu zuen, eta diru kopuru hori kreditu gehigarrian sartu ere bai, baina bigarrena ez, alegia, uko egin ziola lehentasunak eta proiektuak martxan jartzeko hurrenkera oposizioko alderdiekin adosteko eskaerari.

Ezinbesteko baldintza hori ukatuta, Ana Azkoitiak ez zuen Azkoitia Bairen babesik espero kreditu gehigarriak bozkatzerako garaian, eta are gutxiago plataformaren ordezkari Jose Joakin Etxanizek EH Bilduko kideei udal gobernuaren kontra batera jarduteko ausardia eskatu ostean. EH Bilduko Asier Altunak, ordea, udalaren jarduna blokeatzeko asmorik ez dutela erantzun zion. "Azken hilabeteetan lantzen jardundako proiektuentzat partidak jartzea berri ona iruditzen zaigu, elkarlanerako eta konpromisoak aurrera ateratzeko borondatea badagoela erakusten duelako. Guretzat ez da dena edo ezer ez".

EH Bilduk Azkoitia Bairekin indarrak batzeko asmorik ezean, udal gobernuaren proposamenen kontra bakarrik egiteak zentzurik ez duela adierazi zuen Etxanizek, eta 935.000 euroko kreditu gehigarriaren proposamenaren alde bozkatu zuten plataformaren ordezkariek. EAJko eta EH Bilduko ordezkariek espero ez zutena zen Azkoitia Baik aldeko botoa ematea elizako teilatua konpontzera 100.000 euro bideratzeko proposamenari ere. Izan ere, EH Bilduk ez zuen proposamen hori babesteko intentziorik, eta horren jakitun ziren gainontzeko alderdien ordezkariak ere. Hain zuzen ere, horrexegatik eskatu zuen EH Bilduk kreditu gehigarria bi zatitan egiteko, eta horrexegatik onartu zuen Ana Azkoitia alkateak EH Bilduren eskaria, gainontzeko partidak onartuko zirela bermatzearren.

Alkate dekretuz onartutako kreditu gehigarriaren harira ere kritika egin zion Etxanizek Azkoitiari. "Ezinbestekoa iruditzen zaigu lehentasunak talde guztien artean adostea, are gehiago agintaldiaren hasieran elkarrizketaren agintaldia izango zela nabarmendu zelako, baina oraingoz horren arrastorik ez dugu ikusten, eta kreditu aldaketa dekretuz egiteak ere ez du laguntzen". Alkateari ez zion graziarik egin horrek, kreditu gehigarri horretan sartutako partidak aurretik hartutako konpromisoei lotutakoak eta dagoeneko adostutako proiektuetara bideratutakoak zirelako, eta horren jakitun izanda ere Etxanizek hori aurpegiratu ziolako. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide