Kenyarrak nagusi, baina guztiak irabazle Azkoitia-Azpeitia proban

Gorka Eizagirre - Nerea Uranga - Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 22a

Mark Kosgey Kiptoo eta Diana Wanza kenyarrek irabazi zuten atzo 33. Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdia, eta biek ezarri zituzten markak. Kiptook inork baino gehiago irabazi du proba hori; atzokoarekin hiru aldiz jantzi du txapela. Wanzak, berriz, emakumeen denbora errekor berria ezarri du. 01.07.31 denboran lotu zituen hark Azkoitiko irteera eta Azpeitiko helmuga. Ordea, Azkoitia-Azpeitia zerbaitek berezi egiten badu, hori eliteko eta herri mailako korrikalarien uztarketaren ondorio da.

Eguraldia lagun, ehunka korrikalarik parte hartu zuten atzo, zapatua, Diego Garciaren omenezko 33. Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdian. Inoizko parte hartzaile kopuru handiena ibili zen atzo korrika Azkoitia eta Azpeitia artean; izan ere, 2.000 korrikalari inguru batu zituen probak: 1.300 eskas maratoi erdian, eta 700 inguru zortzi kilometroko lasterketan. 

Nazioarteko korrikalari dezentek parte hartu zuten lasterketan, baina baita bi herrietako lagun ugarik ere. Bakoitzak bere helburu propioak izan arren, guztiek asmo bat eta bakarra zuten atzorako: ondo pasatzea. Izan ere, horixe da Azkoitia eta Azpeitia lotzen dituen probaren xedea: elite mailako korrikalarien eta herri mailako lasterkarien uztartzetik sortutako lasterketa izatea. 

Mark Kosgey Kiptoo eta Diana Wanza kenyarrek irabazi zuten maratoi erdia, eta Ane Bosch azkoitiarrak eta Mikel Velasco arrasatearrak zortzi kilometroko proba. Kiptook eta Wanzak, gainera, marka berriak ezarri zituzten atzo. Kiptook hirugarrenez jantzi zuen Azkoitia-Azpeitia probako txapela; orain arte inork ez du horrenbeste aldiz irabazi proba hori. Aldiz, Wanzak denbora errekor berria ezarri zuen. 01.07.31 denbora eginda, nagusitasunez lotu zituen hark Azkoitiko irteera eta Azpeitiko helmuga. 

Gukak atzoko lasterketan parte hartu zuten zenbait lagunekin hitz egin zuen, nola irteeran, hala helmugan. Haien asmoak eta bizipenak jaso zituen bideo honetan, baita Agustin Jimenez antolatzailearen adierazpenak ere. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide