Grebagatik, egun bat atzeratu dute Irakurle Taldearen saioa

Ane Olaizola

Irakurle Taldea, artxiboko irudi batean. (Azkoitiko Irakurle Taldea)

Asteazkenean, Han Kang-ek idatzitako eta Gema Lopezek euskarara ekarritako Barazkijalea liburua aletuko dute Elkargunean. 

Azkoitiko Irakurle Taldearen biharko hitzordua egun bat atzeratu dute, greba orokorra deituta dagoelako bihar Hego Euskal Herrian. Horrenbestez, asteazkenean izango da saioa, ohi bezala Elkarguneko Oteiza aretoan, 19:00etan. 

Gema Lopezek euskarara ekarritako Han Kang idazlearen Barazkijalea liburua jorratuko dute literaturazaleek etzi. Joan zen urtean Jokin Zaitegi itzulpengintza lehiaketa irabazi ondoren itzuli zuen azkoitiarrak 2024an Nobel saria jaso zuen idazle korearraren eleberria, eta otsailean aurkeztu zuen Lopezek lana. 

Liburuak Yeonghye emazte zintzo eta apalaz dihardu. Hark, amesgaizto batzuen ondorioz, haragia jateari utzi dio bat-batean, familia osoaren atsekaberako. Hortik abiatuta, hainbat ekintza eta erabaki kateatuko dira istorioan, Yeonghye bere ingurutik gero eta gehiago bakartuko dutenak eta gizartearen bortizkeria gero eta ageriago utziko dutenak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide