Gema Lopez itzultzaile azkoitiarrak Jokin Zaitegi itzulpengintza lehiaketa irabazi du. AED elkarteak eta Elkar argitaletxeak literaturako Nobel saridunen lanak euskaratzeko Arrasateko Udalarekin eta Laboral Kutxarekin batera antolatutako lehiaketa da Jokin Zaitegiren izena daramana. Lehiaketa irabazita, azkoitiarrak Suediako Akademiaren bidez iaz Nobel saria jaso zuen Han Kang idazle korearraren Barazkijalea euskaratzeko aukera izango du orain.
Xabier Etxeberriak, Joannes Jauregik eta Leire Vargasek osatu dute epaimahaia, eta Lopezek aurkeztutako proiektua hobetsi dute aurkeztu diren lan guztien artean. Itzultzailearen lana urte honen amaieran emango du argitara Elkar argitaletxeak. Nolanahi ere, Lopezek Sora Ryu korear euskaldunaren laguntza izango du jatorrizko hizkuntzaren ezagutzan laguntzeko eta itzulpenaren bermea ziurtatzeko.
Bigarrenez irabazi du Azkoitiko itzultzaileak Jokin Zaitegi itzulpengintza lehiaketa; izan ere, duela bi urte ere Lopezen proiektua hautatu zuen epaimahaiak, eta hala, Annie Ernaux idazle frantsesaren Emakume izoztua euskaratzeko aukera izan zuen.