Sidenor enpresak Euskal Herrian dituen lau lantegietako LAB sindikatuko ordezkariek, Azkoitikoek, Legutiokoek (Araba), Basaurikoek (Bizkaia) eta Gasteizkoek, agerraldia egin dute gaur, ostirala, Azkoitiko lantegiaren aurrean. Enpresak joan den astean jakinarazi zuen Azkoitiko laminazio trenaren ekoizpena eten eta 36 langile Reinosara (Espainia) lekualdatuko dituela, eta erabaki horrek Azkoitiko lantegian nahiz langileen artean izango dituen eraginen bueltako irakurketa egin dute LAB sindikatukoek.
Azkoitiko lankide guztiei beren babesa adierazi ondoren, sindikatuko ordezkariek nabarmendu dute enpresak Azkoitiko lantegirako hartu duen neurriak Sidenorren gainontzeko lantegietarako "eskarmentua" izan nahi duela; izan ere, Basaurian laster hasiko dute lan hitzarmenaren negoziazioa. "Zuzendaritzak argi utzi nahi du ez duela langileen partetik mobilizaziorik onartu, ezta beraien terminoetatik kanpo dagoen ezer hitzarmenean sartuko ere. Langileok eskubideak murriztea onartu beste aukerarik ez dugula azaldu nahi digu enpresak Azkoitiko lantegian egiten ari denarekin", esan dute.
Sindikatukoen arabera, Sidenorreko zuzendaritzaren xedea da langile guztiak "esparru hitzarmenaren barruan sartzea", eta sumatzen dute, bide batez, langileek beren lantegietan lortutako eskubideak "birrintzea" nahi dutela. "Esparru hitzarmenean askoz mesedegarriagoak zaizkion gehiengoak ditu enpresak, eta horregatik, lantegi bakoitzeko ordezkaritza sindikalak ezabatu nahi dituzte", adierazi dute. Era berean, LABeko ordezkariek salatu dute enpresa Azkoitiko lantegian "beldurra" eta "mehatxua" zabaltzen ari dela "langileen eskubideak murrizten segitzeko". Euskal Herriko lan zentro guztietan izan dituzten azken negoziazioetan ere zuzendaritzak jarrera bera erakutsi duela azaldu dute. Egoera zein den ikusita, sindikatukoentzat Sidenorreko zuzendaritza "oker" dabil, eta esan dute langileengan erakusten ari diren "jarrera deitoragarria" ez diotela onartuko. "LABetik beti egingo dugu mobilizazioaren alde, eta ez diegu onartuko lanpostuak suntsitzea edo langileen egoera prekarioagoa bihurtzea".
Negoziazioa eta bilerak, abian
Sidenor enpresaren Azkoitiko lantegiko langile batzordea atzo arratsaldean bildu zen Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, eta enpresaren atarian gaur egin duten agerraldian adierazi dute "argi" adierazi zietela haiei beraien inplikazioa beharrezkoa" dutela "burugabekeria" gelditzeko. "Politika eraginkorrak eta neurri zehatzak hartzea eskatu genien erakundeei, lanpostuak eta lan baldintza duinak Sidenorren lan zentroetan bermatuta gera daitezen, bereziki, Azkoitikoan".
Nolanahi ere, erakunde publikoen "konplizitatea" ere salatu dute LABekoek gaur. Esan dute Eusko Jaurlaritzak Sidenorren kudeaketa "eredugarria" dela plazaratu izan duela, eta gainera, "saritua" ere izan dela Jose Antonio Jainaga enpresako presidentea. Ordea, "genozidio batean parte hartu izanagatik" hura epaitegietan ikertzen ari direla gogorarazi dute, baita langileak beren eskubideak aldarrikatzeagatik "kaleratzen" ari direla ere: "Talgo erosteko milioiak oparitu dizkiote, eta orain, 36 lanpostu suntsitzeko asmoa du enpresak Azkoitian, lantegi osoa kolokan jartzearekin batera. 255 familiaren etorkizuna dago kolokan", esan dute. Horren aurrean, nabarmendu dute ez dutela onartuko lanpostuen deslokalizaziorik.
Sidenor langileak "mehatxatzen" eta lanpostuak "suntsitzen" ari da sindikatuaren esanetan, eta horren aurrean instituzioak "isilik" sumatzen ditu. "Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen kolaborazio publiko-pribatua langileoi egiten zaigun iruzurra da; esku pribatuei milioika euro publiko uzten zaizkie langileen baldintzak kontuan hartu gabe". Era berean, LABekoek esan dute "kezka handiz" bizi dutela enpresan ordezkaritza duten beste sindikatu batzuek "enpresaren eskutik joateko egin duten apustua". Sindikatu abertzalearentzat langileen eskubideak defendatzeari "uko" egin diote haiek, eta "bere egin" dituzte enpresak berak dituen lehentasunak. "Argi dugu zein dagoen egoera honen atzean, baina eraso horien aurrean, izan deslokalizazioa, kaleratzeak edo hurrengo lan hitzarmena, beharrezkoa izango da langile guztiok bidea elkarrekin egitea".
Atzokoaren ostean, gaur beste bi bilera dituzte Sidenorren Azkoitiko langile batzordekoek. 11:30ean bildu dira zuzendaritza eta enpresa batzordea, 36 langile horien lekualdatzea negoziatzen hasteko. Azkoitiko lantegian bertan egin dute negoziaketa aldia ireki duen aurreneko bilera, eta nahiz eta oraindik ezer ez jakinarazi, gaurko bileran zehaztu dituzte negoziaketekin segitzeko datozen bileren datak. LAB sindikatuaren arabera, gutxienez bi aste iraun behar izaten dute halako prozesuek.
Enpresarekin bildu ondotik, arratsaldean erakunde publikoekin hitzartutako bilera erronda itxiko du enpresa batzordeak. Azkoitiko Udalean ordezkaritza duten udal taldeekin bilduko dira 16:00etan, udaletxean.