Herriarteko Bertso Txapelketako bigarren finalerdia jokatuko dute bihar Aizpurutxon

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 26a

Erralla eta Txemaizterrak taldeetako bertsolariak ariko dira mikroaren aurrean. (Freepik)

Aizpurutxoko Itziar jatetxean jokatuko dute bihar Urola Erdiko lehen faseko bigarren finalerdia. Zestoako Erralla eta Azpeitiko Txemaizterrak taldeek jokatuko dute lehia. 

Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketako bigarren finalerdia jokatuko dute bihar, ostirala, Aizpurutxo auzoko Itziar jatetxean. 20:30ean hasiko dute han bertso afaria, eta nor baino nor gehiago arituko dira Zestoako Harresi tabernako saioa irabazi zuen Erralla taldea eta Azpeitiko Korrale tabernan jokatutako saioan bigarren sailkatu zen Txemaiztarrak taldea. Finalerdirako sarrera guztiak agortuta daude. 

Azpeitiko Jon Gurrutxagak, Suhar Gesalagak eta Oihana Labianok osatzen dute Txemaiztarrak taldea, eta Zestoako Gorka Olaizola, Oskar Alberdi eta Aitor Salegi bertsolariek Erralla taldea. Biharko irabazleek joan den astean Errezilgo Borondegin jokatutako saioan nagusitu zen Zaharrak Berri taldekoen aurka jokatu beharko dute finala; Jokin Uranga, Leire Ostolaza eta Beñat Lizaso azpeitiarrek osatzen dute Zaharrak Berri taldea. Asier Garate Txibilter, Iñaki Tolosa eta Eneritz Artetxe azkoitiarren Astuk Alineaute taldea kaleratu zuten haiek.

Bihar erabakiko da, beraz, Erralla edo Txemeiztarrak taldeak, bietako zeinek lortuko duen martxoaren 13an, ostiralez, Azpeitiko Charles Chaplin tabernan jokatuko duten Urola Erdiko finalerako bigarren txartela. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide