Erraila taldea nagusitu da Zestoan, Herriartekoaren aurreneko saioan

Erredakzioa 2026ko urtarrilaren 24a

Bi bertsolari atzoko saioan kantuan. (Erniarraitz bertsozale elkartea)

Atzo hasi zen Herriarteko Bertso Txapelketaren Urola Erdiko lehen fasea, Zestoako Harresi tabernan egindako saioarekin. Gorka Olaizola, Oskar Alberdi eta Aitor Salegi bertsolariek kantatuko dute otsailaren 20an Errezilgo Borondegi tabernan jokatuko den finalaurrekoan. Igerilari Artifizialak taldea txapelketatik kanpo geratu da, puntu bakar baten aldearekin.

Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren lehen fasea atzo hasi zen Zestoako Harresi tabernan. Gorka Olaizola, Oskar Alberdi eta Aitor Salegi bertsolariek osatutako Erraila taldea aritu zen kantuan, Jon Odriozola, Joanes Azpillaga eta Oier Etxeberria Azpeitiko Igerilari Artifizialak taldeko bertsolarien kontra. Tabernako giro ederrean, lehia estua izan zen, eta puntu bakar baten aldearekin, herriko taldea nagusitu zen. Horrenbestez, Igerilari Artifizialak taldeak amaitu du Herriarteko Txapelketako bidea.

"Bertsolaritza existitzen da/plaza handietatik kanpora", abestu zuen Gorka Olaizolak bukaerako agurrean, eta horrexen isla izan zen atzoko saioa. Era guztietako bertsolazeek bete zuten tabernako plaza; han ziren betiko entzuleak, entzule berriak, bertsozale sutsuak, baita bertsotan aritu zirenen lagunak eta gertukoak ere. 

Leire Lizarralde eta Ane Iriondo izan ziren gai emaile, eta epaile, berriz, Erraila taldeko Joritz Zunzunegi, Igerilari Artifizialak taldeko Xabier Azpillaga eta Zaharrak Berri taldeko Oihana Aranguren. Atzoko saioa irabazita, Erraila taldeak Errezilgo Borondegi jatetxean egingo duten finalerdian izango da; otsailaren 20an izango da bertso afari formatuko saioa, 20:30ean hasita.

Atzoko saioan aritu ziren bertsolariak eta gai jartzaileak. (Erniarraitz)

Atzokoaren ondotik, datorren ostiralean izango da lehen faseko bigarren kanporaketa saioa, Azkoitiko Zurt tabernan (22:00). Han, Jokin Biyokin eta Astuek Alineaute taldeetako bertsolariak arituko dira kantuan. Azkoitiko bi talde ariko dira, beraz, nor baino nor, finalerdietarako txartelaren bila. Honako bertsolari hauek izango dira kantuan: Azkoitiko Jokin Biyokin taldeko Unai Izagirre, Jon Izagirre, Jokin Landa eta Xabier Aldalur; eta Astuek Alineaute taldeko Asier Garate Txibilter, Iñaki Tolosa eta Eneritz Artetxe.

Urola Erdian zazpi talde ari dira parte hartzen Herriarteko lehiaren lehen fasean, eta fase hori hiru final laurdenek, bi final erdik eta finalak osatuko dute. Aurreneko hiru saioak tabernetan izango dira, finalaurrekoak jatetxeetan, bertso afari formatuan, eta finala, berriz, Azpeitiko Charles Chaplin tabernan izango da. 

Finalean garaile ateratzen den taldea izango da eskualdean nagusi, eta haientzat txapelketak jarraitu egingo du. Izan ere, eskualdeak elkarrekin nahastuta hainbat saio egingo dituzte bigarren txanpan. Maiatzaren 30ean jokatuko dute Gipuzkoako Herriateko Txapelketaren finala, Aiako probalekuan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide