Gipuzkoako Herriartekoaren Urola Erdiko hirugarren eta azken final laurdena jokatu zen atzo Azpeitiko Korralen. Taberna bete jende, eta giroa bero, hiru talde aritu ziren kantuan. Lehiatik kanpo geratu ziren Eguterakuk, eta finalerdietara pasatu ziren Zaharrak Berri eta Txemaizterrak.
Hiru talde eta bederatzi bertsolari aritu ziren atzo kantuan: Azkoitia-Errezilgo Eguterakuk taldeko Naia Arrizabalaga, Julene Iturbe eta Haritz Garmendia; Azpeitiko Txemaizterrak taldeko Jon Gurrutxaga, Suhar Gesalaga eta Oihana Labiano; eta Azpeitiko Zaharrak Berri taldeko Leire Ostolaza, Jokin Uranga eta Haritz Etxeberria Ministro.
Irati Artetxek eta Jon Ander Iriondok jarritako gaiei segika —aurreko astean Azkoitian abestutako Astuk Alineaute eta Jokin Biyokin taldeetakoak dira—, saio borobila osatu zuten bederatzi bertsolariek. Sei ofizio egin zituzten denen artean, eta bertsolari bakoitzak lan bana bakarka: iraungitako txertoak, bizirik uste diren hildakoak, azterketarako ikasi ez eta kopiatzen asmatzen ez dutenak; jubilatu arren erretiratu ezin dutenak… askotariko gaiak, ikuspegi serioz zein umoretsuz.
Hitz ezkutua asmatzeko taldeko lanarekin amaitu zituzten lan puntuagarriak. Eta haiek baloratzeko lana izan zuten Oihana Aranguren, Manuel Agirretxe eta Miren Ezama epaileek. 15,5 puntu bildu zituzten Zaharrak Berri taldeko bertsolariek; bigarren Txemaizterrak 13,5ekin, eta ondoren Eguterakuk, 8 punturekin.
Karnabalen ostean, final aurrekoak
Elkarren atzetik etorri diren hiru ostiraletan jokatu dira Erniarraitzek antolatutako faseko aurreneko hiru final laurdenak. Orain, txapelketak deskantsu hartuko du, karnabalei leku emanez, eta bueltan, otsailaren 20an eta 27an jokatuko dira finalaurrekoak.
Finalerdietan lehenengoa otsailaren 20an izango da Errezilgo Borondegi jatetxean. Azkoitiko saioa irabazi zuen Astuk Alineaute taldea eta atzo nagusitutako Zaharrak Berri ariko dira nor baino nor. Bigarren finalerdia, berriz, otsailaren 27an izango da, Aizpurutxoko Itziar jatetxean; Zestoako saioa irabazi zuen Erraila taldea eta atzo bigarren sailkatu ziren Txemaizterrak ariko dira kantuan. Bietan izena eman daiteke jada, jatetxeetara bertara deituta.
Bi saio horietako talde irabazleak martxoaren 13ko finalera sailkatuko dira. Azpeitiko Charles Chaplin tabernan jokatuko dute, 22:00etan, eta garailea hurrengo fasera igaroko da.
Urola Erdian zazpi talde aritu dira Herriarteko lehiaren lehen fasean. Orain txapelketatik kanpo geratu dira hiru: Igerilari Artifizialak —Jon Odriozola, Joanes Azpillaga eta Oier Etxeberria—, Jokin Biyokin —Unai Izagirre, Jon Izagirre eta Jokin Landa— eta Eguterakuk —Naia Arrizabalaga, Julene Iturbe eta Haritz Garmendia—.
(Argazkiak: Erniarraitz bertsozale elkartea)