Astuk Alineaute taldea nagusitu da Herriarteko Bertso Txapelketaren bigarren kanporaketan

Erredakzioa 2026ko urtarrilaren 31

Jokin Biyokin taldea Gipuzkoako Herriarteko bertso txapelketatik kanpo geratu da, eta Zurten jokatutako kanporaketan, finalerdietarako sailkatu da Astuk Alineaute taldea. Datorren ostiralean jokatuko da Urola Erdiko hirugarren eta azken final laurdena, Azpeitiko Korrale tabernan.

Puntu bakarrak erabaki du Herriarteko Bertso Txapelketaren Urola Erdiko final laurdenako bigarren kanporaketa. Atzo, ostirala, sei bertsolari azkoitiar aritu ziren bertsotan Zurt tabernako oholtza gainean. Jokin Biyokin taldeko Unai Izagirre, Jon Izagirre eta Jokin Landa jostari aritu ziren saio osoan, baina Astuek Alineaute taldeko Asier Garate Txibilter-ek, Iñaki Tolosak eta Eneritz Artetxek haiek baino puntu bat gehiago bildu zuten. Hori hala, bukatu da Jokin Biyokin taldekoentzat txapelketako ibilia. Bi taldeek utzi zituzten ale politak atzoko bertso saioan.

Taberna bete jenderekin, eta soinuaren trabak traba, saio beroa osatu zuten bi taldeek. Zurten bertan afaldu zuten bertsolariek, gai jartzaileek eta epaileek. Eta saioa hasi aurretik, urduri baino pozik agurtu zituzten ordurako han zeuden lagunek zein familiakoek. Haiekin batera, bertsozale berriek eta betiko bertsozaleek osatu zuten plaza.

Puntualitate zorrotzez hasi zuten ordubete pasatxo iraun zuen saioa. Jokin Biyokin taldeko Xabier Aldalur, Astuk Alineaute taldeko Jokin Sudupe eta Erraila taldeko Joritz Zunzunegi aritu ziren epaile lanetan. Gai jartzailearen eginkizuna, berriz, Jon Iriartek eta Aitor Zabalek bete zuten.

Saioa irabazita, Astuk Alineaute taldea otsailaren 27an Aizpurutxoko Itziar jatetxean jokatu duten finalerdirako sailkatu da. Azpeitiko Korrale tabernan jokatuko duten kanporaketan bigarren egiten duen taldea izango du kontrario atzoko irabazleak.

Hirugarren final laurdena, desberdina

Herriarteko Bertso Txapelketaren barruan Urola Erdian jokatuko duten azken final laurdena datorren ostiralean, otsailak 6, jokatuko dute. Hitzordu hori, baina, desberdina izango da aurreko bien aldean; izan ere, orain arteko kanporaketetan bi talde lehiatu dira, baina datorren asteko hitzordu horretan hiru talde desberdinetako bertsolariak igoko dira oholtzara: Eguterakuk, Txemaizterrak eta Zaharrak Berri taldeko, hain zuzen. Eguterakuk taldean Naia Arrizabalaga, Julene Iturbe eta Haritz Garmendia ariko dira bertsotan; Txemeiztarrak taldean, Jon Gurrutxaga, Suhar Gesalaga eta Oihana Labiano; eta Zaharrak Berri taldean Leire Ostolaza, Jokin Uranga eta Haritz Etxeberria Ministro.

Saio horretan aurrena gelditzen diren bi talde sailkatuko dira finalerdietara. Aurrena geratzen denak Errezilgo Borondegin kantatuko du otsailaren 20an, aurreko astean Zestoako Harresi tabernan irabazi zuten Erraila taldekoen kontra –Gorka Olaizola, Oskar Alberdi eta Aitor Salegi–. Bigarren sailkatuak, berriz, Aizpurutxon kantatu beharko du otsailaren 27an, atzo Zurt tabernan nagusitu zen Astuk Alineaute taldekoen kontra.

Urola Erdian zazpi talde ari dira parte hartzen Herriarteko Bertso Txapelketaren lehiaren lehen fasean. Hiru final laurden, bi finalerdi eta finala jokatuko dituzte, guztira, lehen fasean. Aurreneko hiru saioak tabernetan ari dira izaten; finalaurrekoak jatetxeetan izango dira, bertso afari formatuan; eta finala, berriz, Azpeitiko Charles Chaplin tabernan izango da.

Finalean garaile ateratzen den taldea izango da eskualdeko irabazlea, eta talde horrek eskualde mailako txapelketara egingo du jauzia. Izan ere, eskualdeak elkarrekin nahastuta hainbat saio egingo dituzte txapelketaren bigarren fasean. Maiatzaren 30ean jokatuko dute Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren finala, Aiako probalekuan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide