Carlos Arrizabalaga 'Xapatero' hil da

Iraia Oteiza 2026ko otsailaren 23a

Carlos Arrizabalaga 'Xapatero'. (Urtzi Oteiza)

Arrizabalagak lotura estua izan du herriko pilota munduarekin. Besteak beste, Beti Poz elkartearen bidez herriko pilota kluba kudeatu zuen, egun oraindik indarrean dauden pilota txapelketa asko martxan jartzen lagundu zuen, eta Azkoitiak Herriartekoa aurrenekoz irabazi zuenean pilota taldearen arduraduna izan zen. Bere aldeko hileta bihar, asteartez, izango da. 

Carlos Arrizabalaga Xapatero hil da, 89 urterekin. Pilota munduarekin lotura handia izan du Arrizabalagak, izan ere, Azkoitian pilota sustatzen lan ugari egindakoa da. Besteak beste, herrian pilota sustatzeko ardura bere gain hartu zuen Beti Poz elkarteko kidea izan zen, eta gaur egun oraindik egiten diren pilota txapelketa asko martxan jartzen lagundu zuen, tartean, Kontzejupeko pilota txapelketa edota Atano III.a txapelketa. Horrez gain, Azkoitiak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa aurreneko aldiz irabazi zuenean, Xapatero zen orduko hartan Azkoitiko pilota taldearen arduradun.

Omenaldiak ere egin izan dizkiote. 2022ko azaroan 50 urte bete ziren Azkoitiak Herriartekoa lehen aldiz irabazi zuenetik, eta balentria hura lortu zuten pilotariekin batera omendu zuten urte hartan taldearen arduradun zen Xapatero ere. 2024ko ekainean, berriz, Azkoitiko Pilotari Egunean, aitortza jaso zuten Arrizabalagak berak eta Jesus Azkoitiak Beti Poz elkartean pilota sustatzen egindako lanagatik.

Bere aldeko hileta bihar, asteartez, 19:00etan izango da Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundearen parrokian. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide