Duela 50 urte eskuratu zuen Azkoitiak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa lehen aldiz; herenegun, irailak 24, bete zen mende erdia balentria hura lortu zutenetik Herriko pilotariek lortu dituzten txapelketa askotan lehena izan zen 1972. urtekoa; izan ere, Azkoitiak ditu egun Gipuzkoako herrien artean txapel gehien —hamasei aldiz txapeldun eta sei bider txapeldunorde—.
Txapelketaren bosgarren edizioan lortu zuen Azkoitiak historian aurrenekoz Herriartekoa irabaztea. Bergarari 3 eta 0 irabazi zioten orduko Donostiako Anoeta frontoian. Infantilen mailan, Larrañagak eta Larrartek 16 eta 4 irabazi zuten; jubenil mailan, Orozkok eta Zubizarretak 18 eta 8 menderatu zituzten bergararrak; eta nagusien mailan, Ansolak eta Atano XII.ak 22 eta 17 irabazi zuten. Garaipenak poz berezia sortu zuen Azkoitian, eta irabazleek karroza baten gainera igota eskaini zioten garaipena herriari.
Pilota munduan hamarkada oparoa izan zen Azkoitiarentzat. 1972. urtean Herriartekoan lehen txapela lortu ondoren, 1974an, 1975ean, 1977an eta 1978an ere irabazi baitzuen herriak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa. 1980. urtetik 1999. urtera, berriz, beste bederatzi txapel lortu zituzten pilotari azkoitiarrek.