Gipuzkoako behi azienda osoa txertatzen hasi da aldundia gaur, prebentzioz

Onintza Lete Arrieta eta Maialen Etxaniz 2026ko urtarrilaren 9a

Dermatosi nodular kutsakorraren aurka 42.500 abelburu txertatzea aurreikusi dute, eta aurrenekoak gaur eguerdian txertatu dituzte Aiako testaje zentroan. Izan ere, gaur sartu da indarrean nahitaezko txertaketa ezartzen duen foru agindua, eta horri buruzko azalpenak eman ditu prentsaurrean Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean argitaratu du dermatosi nodular kutsakorraren aurka Gipuzkoako behi azienda osoaren nahitaezko txertaketa ezartzen duen foru agindua. Hala, gaurtik aurrera, behi azienda osoa immunizatzeari ekin diete, prebentzio eta kontrol neurri gisa, eta aurreneko txertaketak Aiako testaje zentroan egin dituzte. Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatua hantxe izan da, eta hainbat azalpen eman ditu prentsaurrean.

Guztira, 1.900 ustiategitako 42.500 buru txertatuko dituzte datozen bi hilabeteetan, eta Arrutik lasaitasun mezua eman nahi izan die herritarrei: "Azpimarratu nahi dugu pertsonengan inolako eraginik ez daukala gaitz honek, eta hemen ez daukagula abere kutsaturik; txertaketa prebentzio neurri gisa egingo dugu", azaldu du. Horregatik, nabarmendu nahi izan du "erabat segurua" dela behi haragia eta esnea kontsumitzea. 

Behiak Aiako testaje zentroan. (Onintza Lete Arrieta)

Asteko 250.000 euro inguru

Txertaketa prozesuari dagokionez, kontatu du txertaketa lurraldeko eskualde guztietan aldi berean egingo dela, eta horretarako hamabi albaitari talderi esleitu dizkietela lanak. Behi azienda osoari emango diote dosia, arraza edo adina edozein dela ere. 

Erabaki honek dakartzan diru kostuei dagokienez, Arrutik esan du Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartuko dituela txertaketa prozesuari dagozkion gastuak, baita ganadua toki batetik bestera mugitu ahal izateko eskatuko dituzten osasun ziurtagirien kostuak ere. Txertoak, berriz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak eman ditu. 

Arantxa Ariztimuño Lurralde Oreka Berdeko zuzendari koordinatzailea, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatua, eta Mikel Azpiri Nekazaritzako eta Abeltzaintzako sustapen eta osasun zerbitzuburua, gaur, Aiako testaje zentroan. (O.L.A.)

Zenbaki zehatzei buruz galdetuta, Arrutik esan du zaila dela aurreikuspen zehatza egitea, besteak beste, ez dakitelako zenbat baserritarrek eskatuko duten ganadua mugitu ahal izateko osasun ziurtagiria. Dena den, aldundiak kalkulatu du asteko 250.000 euro beharko dituztela: "Txertaketa hau aprobetxatu nahi dugu ohiko beste kanpainekin uztartzeko, eta kostuak bateratzeko edo gutxitzeko". 

Behi azienda duten baserritarrek ezer ez dutela egin behar ere jakinarazi du, albaitariak beraiek jarriko baitira harremanetan baserritarrekin azienda txertatzeko eguna eta ordua zehazteko. Ondoren, "ustiategietako arduradunek datei eta antolaketari buruz ematen zaizkien jarraibideak bete beharko dituzte, baimendutako albaitariei sartzen utzi beharko diete, eta animaliak maneiatzen lagunduko dute txertaketa modu egokian egiteko". Horregatik, diputatuak azaldu du abeltzainen lankidetza "ezinbestekoa" dela. 

Azpeitiko sokamuturra pare-parean

Dermatosi nodular kutsakorra prebenitzeko bestelako neurriak ere hartu dituzte erakundeek, eta azken hilabeteetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan tarteka debekatuta egon dira ganadu azokak eta horiekin egiten diren ekitaldiak, eta horrek eragina izan du eskualdean, esaterako, Aiako idi probak bertan behera gelditu zirelako azaro hasieran. 

San Sebastian jaietan Azpeitian egin ohi den sokamuturrari ere eragiten dio debeku horrek, baina orain txertaketa martxan jarri dutela ikusita, sokamuturra antolatzen duen Zezen Beltz elkartea itxaropentsu dago inauterietako sokamuturrari dagokionez

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide