Maratoi erdiaren antolatzaileek dohaintza egin diote Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteari

Mailo Oiarzabal 2026ko urtarrilaren 9a

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko ordezkariak Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren dohaintza jasotzen, sansilbestrearen ondoren. (Andoni Elduaien)

Iazko Azkoitia-Azpeitian eta San Silbestre lasterketan jasotako ekarpenekin eta Xeyeren laguntzari esker, 1.434 euro eman zizkioten elkarte horri sansilbestrearen sari banaketa ekitaldian. Bestetik, AEK-ren aitortza eskertu dute.

2025a elkartasun keinu batekin amaitu, eta beste elkartasun keinu batekin eta esker onez hasi dute 2026a Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileek.

Abenduaren 31n, 32. Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdian eta 24. Azpeitiko Sansilbestrean jasotako dohaintzei esker eta Xeye atletismo taldeak egindako "ekarpen garrantzitsua" tarteko bildutako 1.434 euro eman zizkioten maratoi erdiaren antolatzaileek Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearn ordezkariei, sansilbestrearen sari banaketa ekitaldian. Ildo beretik, aurtengo 33. Azkoitia-Azpeitian ere = dortsala "zabalik" dutela gogora ekarri nahi izan dute maratoi erdiaren arduradunek, "elkartasun ekarpenak egiteko aukera emanez".

Bestetik, datorren martxoaren 21ean jokatuko den edizio horrekin lotuta, Urolako AEK-k esker on gutuna argitaratu zuen atzo, AEK-k 24. Korrikaren ibilbidearen berri eman zuen egunean. Izan ere, martxoaren 28an egitekoak ziren hasieran 33. Azkoitia-Azpeitia, baina egun horretan zeharkatuko ditu bi herriak Korrikak; hori dela eta, eta AEK-koek eskatuta, data aldatzea onartu zuten maratoi erdikoek, eta erabaki hori zein erakutsitako prestutasuna eskertu dizkio publikoki Urolako AEK-k atletismo probaren antolakuntzari. Azken horrek esker on hitzak itzuli dizkie Korrikaren antolatzaileei: "Zuen hitzek argi adierazten dute elkar ulertzea, konfiantza eta elkarlana izan direla prozesu honen oinarriak. Babestuta sentitu gara, herriko eragileok norabide berean lan egin dugula sentitu dugu, eta batez ere, euskara ardatz hartuta bidelagun izan garela".

Bide batez, euskararen erabilerarekin zein euskal kulturarekin duten "konpromiso sendoa" berretsi dute Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileek; aurtengorako aukeratu duten leloak Korrikari keinua egiten diola adierazi dute, eta aurrerantzean ere AEK-ren zein Korrikaren "bidelagun izaten jarraituko" dutela diote: "Euskara da lantalde osoaren ama hizkuntza, eta bertatik sortzen ditugu gure leloak eta lan ildo nagusiak. Horren adierazgarri da aurtengo leloa ere, Taupadaz, korrikaz eta festaz, Korrikari egindako keinu xume baina zintzo gisa".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide