Datorren urteko Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdiaren data ofiziala irailaren hasieran iragarri zuten, baina agenda kontuak tarteko, astebetez aurreratu behar izan dute probaren data Xeye atletismo taldekoek. Horrenbestez, 2026ko martxoaren 21ean, larunbatez, jokatuko da Diego Garcia zenaren oroimenezko lasterketa. Gainera, egun berean, Gipuzkoako Maratoi Erdiko Txapelketa jokatuko da, Gipuzkoako Atletismo Federazioarekin elkarlanean.
Maratoi erdiaren bidez, kirola eta festa uztartuz Garcia zena omentzea dute helburu Xeye atletismo taldekoek.
Azkoitia-Azpeitia maratoi erdirako izen emateak azaroaren 1ean irekiko dituzte.
Maratoi erdiaz gain, 8 kilometroko lasterketa motza ere egingo dute datorren urteko martxoaren 21ean, herritar gehiagori parte hartzeko aukera eskaini asmoz.
Proba Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako Atletismo Federazioaren egutegietan sartu dutela jakinarazi dute probaren antolatzaileek; World Athletics erakundeari eskaera egitea da hurrengo urratsa.