Aurrekontuekin "xantaia" egitea leporatu die Ana Azkoitiak EH Bilduri eta Azkoitia Bairi

Maddi Txintxurreta 2025eko abenduaren 23a

Udaleko ordezkariak, abenduaren 11ko ezohiko bilkuran.

Momentuz, udal gobernuak ez du ezohiko bilkurarik deituko aurrekontuak bozkatzeko, behar beste babes ez duelako. Negoziazioa blokeatzea eta gobernuari "xantaia" egitea leporatu die EH Bilduri eta Azkoitia Bairi.

Azkoitiko udal gobernuak ez du behar dituen babesak lortu 2026ko aurrekontuak onartzeko, beraz, ez du momentuz horiek bozkatzeko ezohiko bilkurarik deituko. Ana Azkoitia alkatearen esanetan, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen negoziatzeko borondate faltak eraman du herria "geldialdi" horretara.

2026ko aurrekontuetan akordiorik lortu ez izanaren ardura guztia EH Bildurengan eta Azkoitia Bairengan jarri du Ana Azkoitiak. Bere esanetan, oposizioko talde hauek ez dute "hatzik mugitu" aurrekontuei lotutako jarrerak aldatzeko, eta ez dute erakutsi "negoziatzeko borondate izpirik". "Horrek Azkoitia gelditzea helburu duen ezezkoaren bloke baten aurrean kokatzen gaitu”, adierazi du.

Pasa den asteko ostegunean bozkatu behar zituzten aurrekontuak, baina udal gobernuak ez zuen akordiorik lortu gehiengoa duen oposizioarekin, beraz, bilkura atzeratzea erabaki zuen. Gaur, asteartea, alkateak jakinarazi duenez, "momentuz" ez dute bilkura berririk deituko. Hortaz, aurtengo aurrekontuak luzatzea beste aukerarik ez du izango udalak.

Azkoitia Baik eta EH Bilduk aurrekontuetarako akordioa adostu zuten, udalaren proposamena "hobetzea" helburu. PSE-EEk "arduraz" jokatzeko eskatu zien talde politiko horiei, eta orain, oso kritiko mintzatu da Ana Azkoitia, baieztatu baitu bi alderdiek oposiziotik gobernatu nahi dutela, eta gobernuari "xantaia" egiten ari direla:  "Ez egin, egiten utzi ez, eta egiten ez delako kritikatu. Horrek batzen ditu ezezkoaren bloke bihurtu diren EH Bildu eta Azkoitia Bai. Azkoitia geldiarazi, eta ezer ez egitearen ardura EAJri bota. Horrek batzen ditu EH Bildu eta Azkoitia Bai".

Proposamen "itxia"

Alkatearen esanetan, EH Bilduk eta Azkoitia Baik aurkeztu zuten proposamenen zerrenda negoziaketan erakutsi duten jarrera bezain "itxia" da. Aldiz, nabarmendu du berak ordezkatzen duen alderdiak (EAJ) beti kontuan izan dituela oposizioaren eskaerak, eta horrela egin duela oraingo honetan ere: "Udal gobernuak bere azken proposamenean 449.700 euro arteko partidak onartu dizkie EH Bilduri eta Azkoitia Bairi, alegia, eskatutako guztia. Hala ere, oraingoz ez da nahikoa izan gobernuaren eta oposizioaren arteko adostasuna lortzeko, eta aldaketa gehiago eskatu dituzte, udal jarduna oztopatuz". 

Ana Azkoitiak gogoratu du udalari dagokiola aurrekontuen proposamena aurkeztea, eta hainba saiakeren ostean, atzo, astelehena, aurkeztu ziela azken zirriborroa oposizioko taldeei. Proposamen horrek oposizioko taldeen "eskaera gehienak" jasotzen zituela baieztatu du Azkoitiak, eta hala ere, ezezkoa eman zutela oposizioko bi talde horiek. "EH Bilduk eta Azkoitia Baik nahi dutena da, edo dena, edo ezer ez", deitoratu du.

Aurrekontuak negoziatzeko "gutxieneko borondatea" eskatu die EAJko ordezkariak oposizioko alderdiei. "Negoziazio orok kontzesioak egitea dakar, eta EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldetik ezezkoak baino ez dira izan". Momentuz, "aurrekontua luzatu egingo da, eta ikusiko dugu zer gertatzen den urte berrian", esan du alkateak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide