Udal aurrekontuak onartzeko, "herritarren aldeko akordioa" eskatu du PSE-EEk

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 18a

Sozialistek Plazaberria eraberritzeko proposamena txertatu dute beren kontuetan. (Filmsuri)

Udalerria aurrekonturik gabe geratzen bada, alderdi sozialistak uste du udalerriko bizilagunak izango direla "ondorioak pairatuko dituztenak". Akordioak lortzeko "ahalegin handiagoa" egiteko eskatu dio PSE-EEk EAJri, eta "erantzukizuna beren gain" hartzeko EH Bilduri zein Azkoitia Bairi.

Azkoitiko PSE-EEk "herritarren aldeko akordioa" eskatu du udalaren datorren urteko aurrekontuetarako. Alderdi sozialistaren ustez, "funtsezkoa" da udalerriak 2026an aurrekontuak izatea, eta horregatik, "arduraz" jokatzeko galdegin die gainerako alderdi guztiei, akordio batera iritsi eta udal aurrekontuak onartu ahal izateko. 

Udalbatza gaur, osteguna, zen datorren urteko aurrekontuak bozkatzekoa. Ordea, udalbatzar horren atarian, oposizioko Azkoitia Baik eta EH Bilduk jakinarazi zuten aurrekontuetarako akordioa adostu dutela, eta hori hala, bi taldeek elkarrekin aurkeztuko dituztela hainbat proposamen. EAJren Udal gobernuak baieztatu duenez, gaur-gaurkoz ez du aurrekontu proiektua onartzeko nahikoa babes, eta horregatik, 2026ko udal aurrekontuen bozketa gaurko udalbatzarretik atzeratzea erabaki du. 

Janire Igoa PSE-EEko bozeramaileak adierazi du aurrekontuak ez badira onartzen, "ondorioak pairatuko dituztenak herritarrak" izango direla. "Akordioak lortzeko ahalegin handiagoa egin dezala eskatzen diogu EAJri, eta EH Bilduri zein Azkoitia Bairi erantzukizuna beren gain har dezatela, ezin gara-eta aurrekonturik gabe geratu. Kontuak onartuta ez edukitzeak proiektu garrantzitsu asko blokeatzea ekarriko luke", azpimarratu du Igoak. 

Alderdi sozialistarentzat "aurrekontuak oso garrantzitsuak dira Azkoitiak aurrera egin dezan", eta azaldu du, "hamaika proposamen" aurkeztu dituztela udal kontuetara. Sozialistek "anbizio handiko asfaltatze plana" egitea nabarmendu dute. "Aspalditik ari gara salatzen errepideak asfaltatzeko eta espaloiak mantentzeko premia larria dagoela. Ez gara gu bakarrik eskatzen ari; gure bizilagunak dira aspalditik eskatzen ari direnak. Udalerriko kale batzuek bizi duten egoera tamalgarria da, eta espaloiak garbitzeko nahiz mantentzeko partida handitu egin behar da. Aurrekonturik gabe, ezinezkoa izango da hori guztia", adierazi du sozialisten bozeramaileak.

Asfaltatze planaz gain, PSE-EEk beste proposamen batzuk ere gehitu ditu: tokiko energia komunitate bat sortzea, energia eskuratzeko aukera demokratizatuz; Garbigune mugikor bat sortzea; hiri altzariak egiteko ekonomia zirkularra sustatzea; eskolako materiala erosteko diru laguntza onartzea; herriko puntu beltzak jasotzen zituen 2019ko Mapa Morea eguneratzea; Plazaberria eraberritzeko proiektuari ekitea; eta atletismo pista egiteko partida sortzea. 

Sozialistentzat "posibleak" dira proposamen horiek guztiak, eta "azkoitiarrentzat beharrezkoak". Hori gala, udalean ordezkaritza duten gainerako taldeei galdegin diete "erantzukizun politikoa bere gain" jartzeko eta "sigletatik harago, herritarren ongizatea" lehenesteko. "Elkarrizketarako eta akordioak lortzeko unea da; udalari egonkortasuna emango dioten aurrekontuak onartzeko ahalbidetu behar da garai hau, gure udalerriak aurrera egiten jarrai dezan".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide