Azkoitiko Udalbatza ostegunean zen datorren urteko aurrekontuak bozkatzekoa, eta udalbatzar horren atarian, oposizioko Azkoitia Baik eta EH Bilduk prentsa oharra kaleratu dute, aurrekontuetarako akordioa adostu dutela jakinarazteko. Bi taldeek elkarrekin aurkeztuko dituzte hainbat proposamen. Horren aurrean, udal gobernuak Gukari baieztatu dioenez, 2026ko udal aurrekontuen bozketa atzeratzea erabaki du, ez duelako adostasunik lortu gehiengoa duen oposizioarekin.
Azkoitia Baik eta EH Bilduk, beren aldetik, azpimarratu dute erdietsi duten akordioaren asmoa ez dela aurrekontuen "eztabaida blokeatzea", aurrekontuak "hobetzea" baizik. Udal gobernuak aurrekontuen proiektuan egin dituen moldaketak "baloratzen" dituzte bi taldeek, baina haien ustez, horiek ez dira "nahikoak" izan, "funtsezko erabakietan" ez direlako kontuan hartu "gehiengoak adierazitako lehentasunak". "Gakoa ez da aurrekontu batek oposizioaren proposamenekin antzekotasun handiagoa edo txikiagoa izatea, baizik eta gutxiengoan gobernatzen denean, gehiengoarekin adosteko benetako borondate politikoa egotea. Gaur-gaurkoz, borondate hori ez da nahikoa izan", azaldu dute.
Data berririk gabe
Oraingoz, ez dago datorren urterako aurrekontuak onartzeko data berririk, eta urtea amaitzerako aurrera ateratzen ez badira, aurtengoak luzatzea beste aukerarik ez du izango udalak. Hori horrela, Azkoitia Baik eta EH Bilduk aurrekontuak aurkeztu ditzan galdegin diote Udal Gobernuari, arrazoituz oraindik badagoela denbora aurrekontuak onartzeko. "Gu prest gaude hitz egiteko eta akordioak bilatzeko, azken unera arte, baina ez dugu onartzen EAJk aurrekontuak aurrera ateratzeko oposizioko alderdiei baldintzak jartzea". Era berean, gaineratu dute, aurrekontuak aurkeztu ez direnez, oposizioak ezin izango du emendakinik edo hobekuntzarik egin horretarako ezarrita dagoen epean.
Egoeraren aurrean, Ana Azkoitia alkateak azaldu du hark ere "espero" duela urtea amaitu baino lehen onartzea udal aurrekontuak, eta gaineratu du orain arte hiru saiakera egin dituela udal taldeekin aurrekontuak osatzeko. Bide horretan, talde guztiekin negoziatzen ari dela eta jarraituko duela agindu du alkateak.
Emendakin bateratuak
Esan bezala, 2026ko aurrekontuetarako emendakin bateratuak adostu dituze EH Bilduk eta Azkoitia Baik.
Lau ardatz nagusitan banatu dituzte horiek: prozesu parte hartzaileak indartzea eta horiek kudeatzeko egitura egonkor bat sortzea; klima eta energia politiketan aurrera egitea, tokiko energia sorkuntza eta eraikin publikoen kontsumo murrizketa bultzatuz; mugikortasun eta irisgarritasun egokiagoa bermatzea, oinezkoei eta garraio ez-motorizatuei lehentasuna emanez; eta etxebizitza zein gizarte politikak indartzea, etxebizitza eskaera handitzeko neurriak eta zaintza zein babes soziala sendotuz.