Euskararen Eguneko adierazpena onartu du udalak

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 27a

EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zuten atzo adierazpena. Azkoitia Baik, berriz, kontra bozkatu zuen, nahiz eta testuan "irakurritakoaren aurka ez egon". Datorren asteazkenean da Euskararen Nazioarteko Eguna, eta udalak herrian antolatu diren ekintzetan parte hartzeko deia egin die herritarrei.

Azkoitiko Udalak azaroko ohiko udalbatzarra egin zuen atzo, asteazkena, udaletxeko bilkura areto nagusian. Bilkura motza, azkarra, izan zen, eeguneko gai zerrendan bost puntu baino ez zituzten eta. Gaietako bat izan zen Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk batera aurkeztutako adierazpenarena. Hain justu, hiru udal talde horien baiezko botoarekin onartu zuten testua.

Azkoitia Bai herri plataformak, berriz, aurka bozkatu zuen. Honako azalpena eman zuen Jose Joakin Etxaniz herri plataformako bozeramaileak bere udal taldearen ezezkoa arrazoitzeko: "Dagoeneko jakingo duzue ez garela mozioak eta adierazpenak aurkeztearen aldekoak; ez zaizkigu eraginkorrak iruditzen, eta gainera, askotan, udalean kontrako efektua lortzen dute", esan zuen hark. Dena den, zinegotziak adierazi zuen testuan irakurritakoarekin bat zetorrela bere taldea. "Nahiz eta mozioen eta adierazpenen aurka bozkatzen jarraitu, horrek ez du esan nahi hemen irakurri denaren aurka gaudenik. Guk ere abenduan 3rako euskararen alde antolatu diren ekintzetan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak".

Ana Azkoitia alkateak ez zion herri plataformaren ezezkoari erantzunik eman, baina esan zuen "batek ez duela bestea kentzen". "Udal honetako hiru alderdik, beste hainbat entitatek egin bezala, adierazpen hau onartuta indarra ematen diogu Euskararen Egunari; euskararen alde gaudela erakusten dugu", esan zuen alkateak. Udalak datorren asteazkenerako hainbat hitzordu prestatu dituela azaldu zuen Azkoitiak, eta herritarrei horietan parte hartzeko deia luzatu zien hark. 

Behin betiko onespenak

Euskararen Eguneko adierazpenaren ondoren, behin betiko onespenak aipatu zituen Azkoitia alkateak. Batetik, kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko 2 zenbakidun espedientea onartu dela jakinarazi zuen hark, eta bestetik, 2025eko aurrekontua exekutatzeko udal arauaren aldaketa; aurrekontu parte hartzaileetako berme batzordeko kideen ordainketa arautzen duen legea ere onartu du erakundeak. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide