Azaroaren 25a

Emakumeenganako indarkeriaren aurrean "zero tolerantzia" aldarrikatu dute

Ane Olaizola 2025eko azaroaren 25a

Udalak deituta, bost minutuko elkarretaratze isila egin dute eguerdian udal ordezkariek zein herritarrek, eta indarkeria matxistaren "adierazpen arinenean ere" ahotsa altxatzera deitu ditu herritarrak. 

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean, ekitaldia egin dute gaur eguerdian Kontzejupean, "bizitzeko eskubidea ukatu zaien emakumeak" omentzeko eta "bizirautea" lortu dutenei elkartasuna adierazteko. Hainbat herritar batu dira udalak deitutako protestara. Kandelak eskuan eta bost minutuko isilunearen ondotik, "zero tolerantzia" aldarrikatu dute emakumeenganako biolentziaren aurrean. 

Hamabiak jota hasi dute ekitaldia udaletxe azpian, eta udal ordezkariak ez ezik, zenbait norbanako ere elkartu dira han, gehienak emakumeak. Azken bost urteetan Euskal Herrian hil dituzten emakumeen omenez, bost minutuko isilunea egin dute aurrena, eta ondoren, Ana Azkoitia alkateak hartu du hitza. Udaleko Berdintasun Sailak gaurko ekitaldirako hautatu duen Gioconda Belli idazlearen poema bat irakurriz hasi du hark bere hitzartzea: "Ez galdu errukia, baina izan beldur hitza ukatzen dizunari, nor zaren ezkutatzen dizunari, ahultzen zaituenari, eta lurreko erresuma bat eskaintzen dizunari irribarre atsegin baten truke". Ildo horretan, azaldu du "hitza, errespetua, presentzia, pentsamendua eta askatasuna" ezin zaizkiola inori ukatu, are gutxiago emakumeei "emakume izate soilagatik". 

Feminizidioei dagokienez, bestalde, azken urteetan "herri eta maila sozial guztietako emakumeak" hil dituztela gogoratu du hark, eta biktima kopurua "etengabe" gora doala azpimarratu: "Itxura guztien arabera, sekula baino baliabide eta indar gehiago bideratzen da erakundeetatik berdintasun politiketara, baina behin eta berriz indarkeria matxista kasuak salatzera atera beharrean aurkitzen gara".

Aurten bertan, Azkoitiko Udalak genero indarkeriagatik 31 emakume artatu dituela gogoratu du alkateak. Erakundearen arabera, horietatik 21 kasu berriak izan dira, eta hamazazpi adin txikiko dituzte beren kargu. "Denak dira biktimak", esan du Azkoitiak, eta zera gaineratu: "31 emakume horiek udaletxera etorri direnak dira. Etorri ez direnak zenbat diren ez dakigu". 

Egoeraren aurrean, bidea "zero tolerantzia" dela aldarrikatu du hark, eta indarkeria matxistaren "adierazpen arinenean ere" ahotsa altxatzera deitu ditu herritarrak. "Erasotzaile orok jakin behar du ez dagoela inpunitaterik, eta epaileen sententziez gain, gizartearen zigorra ere izango duela". 

Horrez gain, indarkeria matxistaren biktima izan diren eta izaten jarraitzen duten "guztiekin" daudela berretsi du udalak, eta Azaroaren 25a ospatzeak "inolako zentzurik ez" duen eguna noiz iritsiko desio egin du hark. Guztiek bertso bat kantatuz amaitu dute ekitaldia. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide