Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, Azaroaren 25a. Aldarrikapenerako eta salaketarako eguna da, badago-eta horretarako arrazoirik: Azkoitian gora egin dute iaztik indarkeria matxista kasuek. Udalak emandako datuen arabera, aurtengo urtarriletik azarora bitartean indarkeria matxista pairatu duten 21 emakume artatu dituzte udaleko Gizarte Zerbitzuek. Iaz baino zazpi emakume gehiago artatu dituzte, eta duela bi urte baino 11 gehiago. Urtez urte ari da gora egiten biktimen zenbatekoa.
Erakundearen arabera, Gizarte Zerbitzuek artatu dituzten 21 emakumetatik hamahiruk salaketa jarri dute, eta hamar kasutan babes neurriak jarri dizkiete. Adinari dagokionez, biktimen ia gehiengoa 45 urte baino gazteagoa da. Bi emakume adingabeak dira, bost emakume 18 eta 30 urte artekoak eta 11 emakume 31 eta 45 urte bitartekoak. 45 urtetik gorako emakumeen artean ere izan dira indarkeria matxista kasuak, ordea. 46 eta 59 urte bitarteko bi emakume eta 60 urtetik gorako beste bat artatu dituzte Gizarte Zerbitzuek.
Aurtengoak ez ezik, iazkoak ere nabarmendu ditu udalak. Iaz, hamalau kasu atzeman zituen erakundeak herrian, eta aurten, iaz artatutako hamalau indarkeria kasutatik hamarretan esku hartu du udalak.
"Nahikoa da"
Erakundeak nabarmendu du, Gizarte Zerbitzuen laguntza jaso duten 21 emakume horiek hamazazpi adingabe dituztela beren ardurapean. Hori hala, Mertxe Zubillaga udaleko Berdintasun zinegotziak azaldu du "emakumeak ez ezik, haien seme-alabak ere biktima" direla. "Beren amen sufrimendu bera edo handiagoa pairatzen dute. Azaroaren 25ak, urtez urte, barruak mugitzen dizkigu eta gizarte gisa dugun gaixotasun latz honi aurre ezin diogula egin gogorarazten digu, genero indarkeriak hor jarraitzen duelako, gizartearen ezintasunaren aurrean", adierazi du hark.
Datuak beti "beldurgarriak" izan ohi direla adierazi du zinegotziak. "Biktima bakarra izango balitz ere, larria litzateke. 2025ean, 21 kasu berri ditugu. Gizarte Zerbitzuen sailak aurten 21 biktima gehiago artatu ditu. Eta horiei gehitu behar zaizkie lehenagotik zetozen beste hamar indarkeria matxista kasu. Nahikoa da. Nahikoa da abusuez eta emakumeen eskubideak urratzeaz. Honek gelditu egin behar du", esan du Zubillagak.