Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, Azaroaren 25a. Aurten ere, indarkeria matxista jasan duten hainbat emakume artatu dituzte udaleko Gizarte Zerbitzuetan. Udalak jakinarazi duenez, egoera hori bizi duten hamalau emakume artatu dituzte urtarriletik azarora bitartean, iaz epe horretan baino lau gehiago. Gainera, arreta jaso dutenen emakume horiek guztietatik lauk jarri dute salaketa, eta laurei jarri dizkiete babes neurriak.
Emakume horiek Gizarte Zerbitzuetara nola edo nork bideratuta jo duten ere zehaztu du udalak. Erdiek, zazpik, beren kabuz joanda eskatu dute laguntza —iaz hiru izan ziren—; Gizarte Zerbitzuen departamenduak detektatuta, berriz, hiru lagun ari dira artatzen; Ertzaintzak bi emakume bideratu ditu, iaz baino bat gutxiago; eta azkenik, bi emakumek bestelako bide batzuek lagunduta jo dute Gizarte Zerbitzuetara —iaz hiru izan ziren—, hala nola mugimendu feministatik, familiako kideengandik edota beste erakunderen batetik.
Adinari erreparatuta, berriz, indarkeria matxista jasan dutenen gehiengoa, hamar emakume, 31 eta 45 urte artekoa da; 18 eta 30 urte artean ditu beste emakume batek, eta gainerako hirurak 46 eta 59 urte artekoak dira. Iaztik alderatuta, behera egin dute kasuek 18 eta 30 urtekoen adin tartean —iaz bost kasu jazo ziren—, eta gora egin dute 46 eta 59 urte artekoen artean —iaz bi kasu jazo ziren—.
Dena den, erakundeak azaldu du berriak ez diren beste bost kasugatik ere artatu dituztela emakumeak Gizarte Zerbitzuetan urtarriletik azarora bitartean; izan ere, horiek aurreko urteetatik jarraitzen dute zerbitzuan arreta jasotzen.
Elkarretaratzeak goizean eta arratsaldean
Azkoitian bezala, eskualdean ere gora egin dute indarkeria matxista kasuek iaztik. Zarauzko datuen faltan, 80 kasutik gora zenbatu dituzte aurten. Horiek horrela, gaur, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean, hainbat mobilizazio egingo dituzte bai herrian, bai eskualdean.
12:00etan, Azkoitiko Udaleko Berdintasun sailak deitutako elkarretaratze isila egingo dute plazan, udalaren esanetan "erreparazio, errekonozimendu eta memoria ekitaldi xumea". Kontzentrazioa amaitutakoan, gainera, bertaratutakoek kandela bana piztuko dute biktimen oroimenez. Urola Erdiko Itaiak, berriz, 18:00etan egingo du mobilizazioa plazan, Indarkeria matxistaren aurrean, sozialismoa eraiki lelopean.