Aukera desberdinen artean da udalak eraiki nahi duen gizarte zentroa

Ane Olaizola 2025eko azaroaren 12a

Gizarte zentroa eraikitzeko aukeretako bat da Elkargunearen eta liburutegiaren arteko eremua.(A.E.)

Azkoitiko Udalak, Matia fundazioarekin batera, zaintzaren arloko prozesua egin du, eta jakinarazi du "gizarte zentro" bat eraikitzea aurreikusten duela datozen urteetan. Eztabaida eragin du egitasmoak, eta Azkoitia Baik atzo publiko egindakoari erantzun dio EAJk. 

Azkoitia Bai herri plataformak atzo jakinarazi zuenez, udalak prozesua abiatu du, besteak beste, adinekoentzako apartamentu tutelatuak non eraiki erabakitzeko, eta dagoeneko balizko bi aukera zehaztu dituzte horretarako: Goiko Kalean hutsik dagoen orubea bata, eta Aizkibel liburutegiaren eta Elkargunearen ondoan dagoen tartea, bestea. Horren harira, Azkoitiko Udalak Gukari azaldu dio Matia fundazioarekin batera zaintzaren arloko azterketa egin duela, eta horren barruan kokatzen dela otsailetik irailera bitartean gauzatu duen prozesua.

Erakundearen arabera, prozesu horretan "sakontasunez" aztertu dira "etorkizuneko beharrak, ekipamenduak, zerbitzuak eta baliabideak", etor daitezkeen erronkei erantzuteko helburuz. Hain zuzen, zaintza eta arreta ereduaren diagnostikoa egin du hark Matiak lagunduta, eta apartamentu tutelatuetatik haratago, zerbitzu eta espazio berrien nondik-norakoak landu dira "pertsona ardatz duen ereduari" bide ematen jarraitzeko. Lanketa horren barruan aztertu dute Azkoitia Baik aipatutako azpiegituraren kokapena, udalak "gizarte zentro" moduan irudikatzen duena, eta hark hedabide honi baieztatu dio, lanketa horretan hainbat bilera egin eta gero, bi eremu horiek jo dituztela "aproposenak". 

Plataformari erantzuna

Bestalde, herri plataformak uste du bi kokapen horien gaineko azken erabakia ere parte hartze prozesu baten bidez hartu beharko litzatekeela, eta horren harira taldeak atzo esandakoari erantzun dio EAJk. Hark azaldu duenez, udal gobernuak esan du "azken erabakia" udalarena dela, erakundeak "badakielako" batak eta besteak ekar ditzakeen "arazoak eta zailtasunak" zeintzuk diren. "Azkoitia Baik jakin beharko luke parte hartze prozesuen aberastasuna deliberazioan dagoela, erabakia loteslea izan ala ez. Loteslea izateak erabaki beharrik ez izatea dakar, hain justu, eta politika egitea, herrigintza, erabakiak hartzean datza", gaineratu du.

Horren harira, alderdiaren ustez, "ardurak eta erabakiak hartu gabe ezin da gobernatu", eta jeltzaleen iritziz, hori da herri plataformaren eredua: "Pilota beti besteen teilatupean, eta larriagoa dena, partaidetzaren, gardentasunaren eta erabakitzeko eskubidearen izenean, gainerako alderdiek ez baliote herritarren iritziari errespeturik bezala. Eredu asanblearioa defendatzearekin batera, Azkoitia Bai erantzukizun orotatik libratzen da, ez duelako erabakirik hartu nahi, edo ez delako gai posizio bat aldarrikatzeko, herritarren lepo gainean erantzukizun hori jarri gabe. Zein da ordezkari politiko baten lana ez bada herritarren iritziak, beharrak eta nahiak jaso, soluzioak eta finantzazioa aurkitu, lehentasunak ezarri eta beharrei erantzungo dieten proiektuak exekutatzea ez bada?". Azkoitia Baik udal gobernuan sartzeko aukerari "uko" egin ziola gogoratu du EAJk; "hori da erabakirik hartu nahi ezaren adibiderik onena". Ildo horretan, "zarata" egitea leporatu diote jeltzaleek Azkoitia Bairi. 

Horrez gain, udalak San Jose egoitzarako igogailua jartzeko "aurreikusten" dituen 745.000 gizarte zentroa eraikitzen gastatzea egokiago jo du Azkoitia Baik, "mendekotasun baxuena duten egoiliarrek" herrigunean bizi behar dutela eta. Ordea, zentro hori bezain "onuragarria" deritzo EAJk igogailua egitea ere. Haren arabera, EH Bilduk eta Azkoitia Baik "boikoteatuko" proiektua "berreskura" daiteke oraindik, eta azpimarratu du "ahaleginak eta bi" egingo dituela igogailuaren proiektua gauza dadin. "San Jose egoitzaren kokalekua erabiltzaile eta familia askorentzat aproposa da, egoiliarrek bizi duten egoerak ez dietelako gehiengo handi bati, lagunduta ere, kalera ateratzen uzten. Hortaz, egoera fisiko-kognitiboa ez denean ona, San Jose egoitzak eskaintzen dituen instalazio, espazio eta berdeguneak inguru atsegin bihurtzen dute. Familiek dute hara iritsi beharra, eta horretarako, igogailua da soluzioa".

EAJren ustez, udalak zaintzaren arloan "lan handia" egin du, gogoraraziz Eguneko Zentroa herrigunera jaitsi duela edota egoitzako Unitate Psikogeriatrikoa eraberritu duela. Horrez gain, azaldu du aldundiak esku artean duen "zaintza eredu berrira begira" jarri dela egoitza, jubilatuen taberna berriz lizitaziora atera dela eta "inoiz baino zerbitzu kalitatezkoagoak" daudela arlo horretan, Bizi Poza eguneko zentroa, Pasira egitasmoa, Hurkoaren egoitza eta Azkoitia Lagunkoia adibidetzat jarrita. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide