Urrategiko Amaren koroatzearen 75. urteurrena betetzen da aurten, eta 1950eko irailaren 17an koroatu zuten leku berean omendu dute gaur haren irudia: Azkoitiko plazan. Jendetza izan da ekitaldian, baita oroimen ekitaldiaren ostean Ama Birjinaren Jasokundeko parrokian egindako elizkizunean ere.
11:00etarako hainbat herritar ziren plazan, tartean Ana Azkoitia alkatea eta EAJko zein PSE-EEko zinegotzi batzuk. Herritar hainbat, gainera, loreak eskuetan zituztela joan dira plazara. Udaletxearen aurrean jarri dute Urrategiko Amaren irudia, eta haren ondoan izan dira, besteak beste, Fernando Prado Donostiako Elizbarrutiko gotzaina eta Felix Azurmendi Azkoitiko parrokoa. Joxan Mendizabal dantzariak agurra egin dio Ama Birjinari, Txalkor txistulari taldearen doinuz lagunduta. Segidan, abesbatzako kide hainbatek Maria sortu zinan abestia kantatu dute.
Gero, prozesioan joan dira ekitaldian parte hartu duen herritarrak Ama Birjinaren Jasokundeko parrokiara, Txalkor taldeko txistularien atzetik. Elizara iristean, herritarrek lore eskaintza egin diote Ama Birjinaren irudiari, eta ezpata dantza eskaini dio hari Joxan Mendizabal dantzariak. Segidan hasi du elizkizuna Fernando Prado gotzainak.
Azkoitiko parrokiko taldea Urrategiko Ama omentzen ari da aurten, haren irudia koroatu zutela 75 urte bete baitira. Urrategiko Ama da Azkoitiko kristau elkartearen ama eta Azkoitiko zaindaria, eta koroazioaren urteurrena irailaren 21ean Urrategin bertan ospatu ostean, gaur herrigunean egin dute ekitaldia.