Urrategiko Ama koroatu zuteneko urteurren eguna da gaur. Duela 75 urte haren irudia Azkoitiko zaindari izendatu zuten. Koroatzea ulertzeko, ezinbestekoa da Urrategi auzoan 1617. urtean eraiki zuten baselizaren historia ezagutzea. Juan Bautista Mendizabal historialariak eta Azkoitiko kronista ofizialak ikerlan ugari egin ditu Urrategiko ermitari buruz, eta haren dokumentuen arabera, Francisco Lopez Irarragaren eskariz eraiki zuten Urrategiko baseliza. Baina nor zen Lopez Irarraga?
Historialariak dioenez, 1555. urtean bataiatu zuten gizon hura Azkoitian; Irarraga etxean bizi zen, egungo Kale Nagusiko 49 zenbakidun orubean, Santa Kutz auzokoek Illerra bezala ezagutzen zuten orubeko etxean. Gizon hura landa nobleziakoa zen, gorteko eta merkataritzako lanbideekin lotzen zena, eta, besteak beste, Sevillan (Espainia) bizi izan zen 1599. urtean. "Kapitain gradua lortuta, Azkoitira itzuli zen, eta 1602an kaparetasuna eskuratu zuen. Garai hartan plazan zegoen Portaleburuko Torre Zuri etxean bizi izan zen, baina bazituen jabetzan beste hainbat eraikin eta baserri batzuk ere", kontatu du historialariak.
Jesuitak 1599-1600 urtean iritsi ziren Azkoitira Mendizabalen esanetan, eta haiek "Ama Birjinarekiko maitasunaz" bota zituzten aurreneko sermoiak; historialariak dio Elizaren dogman asko eztabaidatzen zela Sortzez Garbiaren kontuaz garai hartan. "1614rako, ordea, Azkoitian Andre Mariaren Zeruratzea ospatzeko jaiak-eta egiten hasi ziren, eta hain justu, orduantxe sortu ziren orain ospatzen diren andremariak".
Lopez Irarraga zen Ama Birjinaren deboziozko kofradeetako bat, eta Urrategin baseliza bat eraikitzeko asmoa azaldu zuen hark. "Auzoan morroi eta neskame ugari zeudela eta, haiek ezin izaten zuten herrira meza entzutera jaitsi, beren etxeak eta abereak zaintzeko ardura baitzuten. Arrazoi horregatik eta bere debozio partikularrarengatik, Urrategin bere jabetzan zuen baserriaren ondoan eraiki zuen hark baseliza; bere baserri hark Urrategi zuen izena, baina, gero, ermitak hartu zuen".
1617. urtean hartu zuen Urrategiko Amak Andre Mariaren deitura; izan ere, urte hartako maiatzaren 27an sinatu zuen Lopez Irarragak garai hartako bi harginekin baseliza eraikitzeko kontratua, urte hartako Gabonak baino lehen amai zezaten.
Urrez koroatua
Ama Birjinak koroatzeko joerak indar berezia hartu zuen duela bi mende. Garai hartan, Elizaren ohiko erritua bihurtu zela dio Mendizabalek: "Andre Mariarenganako erritua da koroazioarena. XIX. mendean, grina berezia piztu zen jendartean horretarako. Gipuzkoan, esaterako, koroatu zuten aurrenekoa Arantzazuko Ama izan zen, 1886an. Koroatzeak esan nahi zuen Ama Birjina hura zela erregina, hura zela maitalea eta hura zela goratzailea". Azkoitian, Urrategiko Ama koroatzea erabaki zuten, hango irudiak "lotura handia" baitzuen Azkoitiko herriarekin. "Koroatzeko har zezaketen Baldako Ama Birjina, baina herriak Urrategikoa hartzen zuen berea bezala", dio herriko kronista ofizialak.
Egun garrantzitsua izan zen Azkoitiarentzat 1950. urteko irailaren 17a. Ordea, ez soilik Azkoitiarentzat; izan ere, orduko datuen arabera, 15.000 lagun inguru elkartu ziren egun hartan Urrategiko Ama koroatzeko egin ziren ospakizunetan. Datu horrek berak erakusten du koroatzea zeinen garrantzitsua izan zen, are gehiago, Azkoitian artean 6.000 biztanle inguru bizi zirela kontuan hartuta. Gipuzkoako Jaume Font i Andreu gotzainak eta Santanderko (Espainia) Jose Egino Treku gotzain azkoitiarrak jarri zioten Urrategiko Amari koroa herriko plazaren erdian jarritako aldare erraldoian. "Kontuak egiteko, behetik hasita udaletxeko balkoiraino iristen zen aldare hura", azaldu du Mendizabalek.
Urrezko koroa jarri zioten Urrategiko Amaren irudiari, nola ez, herritarrek egindako ekarpenei esker. "Garai hartan ez zen bitxi asko izango herritarren etxeetan, baina koroa modu horretan egin zuten. Batetik, erabiltzen ez ziren zilarrezko txanponekin irudiarentzako oinarria egin zuten, eta bestetik, jendeak emandako bitxiekin eta, Urrategiko Amarentzako urrezko koroa".
Urteurren meza, igandean
25 urtez behin egiten dituzte halako ospakizunak, eta aurten ere askok oroituko dute oraindik goratzen jarraitzen duten Urrategiko Ama. 1975ean eta 2000. urtean egin bezala, aurten ere gogoan izango dute Urrategiko Ama koroatu zuteneko eguna.
Urteurrena dela eta, elizkizun berezia egingo dute igandean, Urrategin. Hara joan nahi dutenentzat, gainera, autobusa jarriko du Azkoitiko Parrokiak. 09:30ean abiatuko da autobusa Julio Urkixo etorbideko 7 zenbakiko geralekutik, eta 11:30ean itzuliko da. Mezaren ostean, mokadua izango da.