Azkoitiko parrokiko taldea Urrategiko Ama omentzen ari da aurten, haren irudia koroatu zutela 75 urte bete baitira aurten. Urrategiko Ama da Azkoitiko kristau elkartearen ama eta Azkoitiko zaindaria, eta koroazioaren urteurrena irailaren 21ean Urrategin bertan ospatu bazuten ere, datorren igandean, hilak 19, herrian egingo dute ospakizuna.
Urrategiko Ama herriko plazan koroatu zuten 1950eko irailaren 17an, eta orduan bezala, datorren igandean ere plazan omenduko dute haren irudia. "Herri osoari aukera emango zaio Urrategiko Ama omentzeko eta hari bere laguntza nahiz babesa eskatzeko", azaldu du parrokiko taldeak.
Ospakizuna 11:00etan hasiko dute plazan bertan, Ama Birjinaren irudia bertan dela. Aurrena, dantzariek aurreskua eskainiko diote hari, eta segidan, Maria sortu zinan abestia kantatuko dute. Ekitaldian parte hartuko du Fernando Prado Donostiako Elizbarrutiko gotzainak, eta hark otoitza egin ondoren, prozesioan joango dira plazatik Andre Mariaren Jasokundeko parrokiara Azkoitiko Musika Bandak lagunduta. Parrokian lore eskaintza eta dantzak izango dira batetik, eta gero, Ama Birjinaren edertasuna abestia kantatuko dute. Ekitaldi horiek guztiak amaitzeko, meza eskainiko dute Felix Azurmendi parrokoak eta Prado gotzainak.
Parrokiako taldeak herritar guztiei eta erakundeei dei egin die, igandeko ospakizunean parte har dezaten. "Urrategiko gure Amari esker onezko egun bat eskainiko diogu, laguntza eskatuko diogu", azaldu dute. Hona hemen iganderako prestatu duten egitaraua:
- 11:00. Bilkura plaza nagusian.
- Segidan, dantzariek aurreskua dantzatuko diote Urrategiko Amaren irudiari.
- Ondoren, Maria sortu zinan abestia kantatuko da.
- Gero, Fernando Prado gotzainaren otoitza eta prozesioa Andre Mariaren Jasokundeko parrokiara, Azkoitiko Musika Bandak lagunduta.
- Parrokian, Ama Birjinari lore eskaintza, dantzak eta Ama Birjinaren edertasuna abestia.
- Azkenik, meza.