Berehalako irtenbidea eskatuko dute Aitekeko eta Juaristiko langileek hilaren 26an, manifestazio batean

Ane Olaizola 2025ko ira. 17a, 14:11

Juaristi enpresa. (Ane Olaizola)

Bi lantegietan bizi duten "egoera larria" salatzeko mobilizaziora jo dute langileek, eta hilaren 26an, Azkoitiko kaleak zeharkatuko dituzte. Zuzendaritzari eta erakundeei dei egin diete egoeraren esku har dezaten. 

Azkoitiko Aitek Automation eta Juaristi enpresetako langileek manifestazioa deitu dute hilaren 26rako, duela urtebetetik bi lantegi horietan beharginek bizi duten "egoera larria" salatzeko. Bi enpresetan aldi baterako lan erregulazio espedientea dute indarrean urtearen amaierara bitartean, baina horrez gain, nominetan atzerapenekin, enpresaren zorrekin eta haren kudeaketa "txarrarekin" jarraitzen dutela jakinarazi dute langileek. Egoera eta etorkizun "ilunaren" aurrean, mobilizaziora jo dute haiek: hurrengo ostiralean, Azkoitiko plazatik abiatuko da manifestazioa, 19:00etan. 

Langileek azaldu dutenez, azken hilabeteetan 50 lanpostu galdu dira bi enpresa horietan, eta beste 130 "galtzeko arriskuan" daude. Berehalako irtenbidea behar dutela ohartarazi dute, eta zuzendaritzari zein erakundeei egoera bideratzeko exijitu diete. 

Makina-erremintaren alorrean lan egiten dute Ugarte industrialdean dagoen Aitek Automationek zein Basarten dagoen Juaristik, eta bi enpresek gerentzia partekatzen dute; gainera, Aitekek bere lan-bolumen handiena Juaristiri eskaintzen dio. 

Aitekeko zein Juaristiko langileek maiatzean —maiatzak 14— eman zuten beren egoeraren berri: Juaristikoek orduan azaldu zuten beharginek azken lau soldatak kobratu gabe zituztela, eta enpresak hamalau hilabeteetan ez ziela Geroan diru ekarpenik egin, nahiz eta langileei beren nominetatik kendu BGAE horretarako ekarpena. Ondorioz, langileen bizi baldintzak "nabarmen okertu" zirela salatu zuten, eta egoera "jasanezina" zela azpimarratu. 67 langile ditu Juaristi enpresak.

Ildo beretik hitz egin zuten Aitekekoek ere biharamunean: hango ordezkariek azaldu zuten egoera "gogaikarria eta jasanezina" zela, eta "antsietateak eta estresak" eraginda, hainbatek baja hartu behar izan zutela. 80 behargin ditu enpresak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide