Joan zen urteko otsailaren amaieran izandako euriteek lur jausi handi bat eragin zuten Azkoitia eta Urretxu arteko bidegorrian, Aizpurutxo auzoaren parean, Mandabietako tuneletik gertu. Gipuzkoako Foru Aldundiak orduan aurreratu bezala, luze jo dute egonkortze eta konponketa lanek, baina dagoeneko amaitu ditu, eta horrenbestez, urte eta erdi ondoren, zabalik da pasealekua. Aurreneko aldia izan da Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen bidegorria horren denbora luzez itxita egon dela.
20 metroko luzera eta 15 metroko altuera zuen luizia izan zen iazko otsailaren 28an Aizpurutxon. Gipuzkoako Foru Aldundiak bidegorriaren egoera aztertu eta lur jausiak eragindako kalteak arintzeko beharrezko kontratazioak presazko prozeduraren bidez egingo zituela adierazi zuen luizia gertatu bezain pronto, eta urte bereko maiatzean, konponketa lanak hasteke, itxierak luze joko zuela azaldu zuten foru arduradunek, lanen konplexutasuna zela eta. Joan zen urtarrilean, berriz, luizia konpontzeko lanak lizitaziora atera zituen erakundeak; obren lizitazio-aurrekontua 269.438 eurokoa izan da.
Bien bitartean, herritarrek bidezidor bat irekita izan dute luizia saihesteko, itxita dagoen bidegorri zatiaren paraleloan.