Otsailaren amaieran Euskal Herrian izan ziren eurite bortitzek kalte nabarmenak eragin zituzten han-hemenka. Azkoitia eta Urretxu artean dagoen bidegorrian, esaterako, lur jausi esanguratsua eragin zuten Aizpurutxo auzoaren parean. Luizia, zehazki, otsailaren 28an izan zen, Mandabietako tuneletik gertu, tunelaren ipar-mendebaldeko ahotik metro gutxira. Hogei metroko luzera eta hamabost metro baino gehiagoko altuera duen luizia eragin zuten euriteek egun hartan.
Gune arriskutsua izan zitekeela eta, bidegorria berehala ixtea erabaki zuen orduko hartan Gipuzkoako Foru Aldundiak, beharrezko egonkortze eta konponketa lanak amaitzen zituen arte.
Hiru hilabete igarota, Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen bidegorriak itxita jarraitzen du oraindik. "Oso luizi handia da, eta konpontze lanak ere denbora luzekoak izango dira" jakinarazi du Iñaki Puga Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun saileko zerbitzu buruak. Bidegorriak jada hiru hilabete bete ditu itxita, baina oraindik lanak hasi gabe daudela aurreratu du Pugak, "obra prestatzen" ari direlako: "Dena ongi aztertzen dihardugu, obra handia egin beharko baitugu han. Guztia zehaztu bezain laster lizitaziora aterako ditugu lanak, eta denbora asko igaroko da berriro bidegorria irekitzerako. Gutxienez, beste lauzpabost hilabete beharko ditugu".
Segurtasuna bermatuz
Aldundiko Jasangarritasun sailak adierazi duenez, bidegorria berriro irekitzeko aurreikuspen data aurrerago jakinaraziko du, beharrezko obrak bideratu aurretik "ezin duelako eperik zehaztu".
Era berean, errepidea aldi baterako itxi izana errespetatzeko eskatu die aldundiak herritarrei, erabiltzaile guztien segurtasuna bermatzeko lanean ari diren bitartean. "Gune ezegonkorra da, eta arriskutsua izan liteke inguruan ibiltzea", adierazi dute. Ondorioz, datozen hilabeteetan ere "pazientzia" izateko eskatu diete bertatik igarotzeko ohitura dutenei.
Kontsulta osagarrietarako edo informazio eguneraturako, herritarrak aldundiarekin harremanetan jar daitezke, ohiko komunikazio bide ofizialen bidez.
Itxaronaldi luzeena
2004an ireki zuten Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen bidegorria, garai batean Urolako trena zena igarotzen zen bide berean. Trenbidea asfaltatu eta tunelak txukunduta inauguratu zuten bidegorri berria orduan.
Hasieran tuneletan argirik ez zegoen arren, 2009an horiek argiztatu zituzten. Mugimendua detektatzen duten zelula sistemak jarri zituzten tunel guztietan; horrenbestez, pertsona bat tunelean sartu bezain laster pizten dira argiak han, eta denbora bat igarota, atzera itzali egiten dira. Argiztatze sistema berriak are gehiago erakarri zituen bidegorrira oinezkoak zein txirrindulariak.
Argiztatze lan horien ondorioz, bidegorri zatiak itxi behar izan zituzten denbora batez. Gauza bera gertatu da garai desberdinetan bidean egin behar izan dituzten konpontze lanekin ere, denbora batez bidegorria itxi egin behar izan dutela. Halere, ordu edo egun gutxi batzuez eduki izan dute orain arte bidegorria itxita, eta itxialdia hilabete askoan luzatuko den aurreneko aldia izango da oraingoa.