Bidegorriko luizia saihesteko, bidezidorra

Mailo Oiarzabal 2024ko uzt. 19a, 15:59

Itxita eta konpontzen hasi gabe jarraitzen du Azkoitia eta Urretxu-Zumarraga arteko bidegorriak Aizpurutxo parean, baina oztopoa gainditzeko modua egin dute, aldamenean behin-behineko pasabidea atonduta.

Otsail bukaeran izandako luizi handi baten ondorioz, ia bost hilabete igaro eta gero, itxita jarraitzen du Azkoitia eta Urretxu-Zumarraga arteko bidegorriak Aizpurutxon; Mandabietako tuneletik gertu izan zen euriteek eragindako 20 metroko luzera eta 15 metroko altuera duen lur jausia. Gipuzkoako Foru Aldundiak bidegorriaren egoera aztertu eta lur jausiak eragindako kalteak arintzeko beharrezko kontratazioak presazko prozeduraren bidez egingo zituela adierazi zuen luizia gertatu bezain pronto. Maiatzean, konponketa lanak hasteke, itxierak luze joko zuela azaldu zuten foru arduradunek.

Uztaila azken txanpara bidean dela, bidegorriak itxita jarraitzen du Aizpurutxon eta konpontzeko lanak hasi gabe daude, eta erabiltzaile batzuk egoeraz aspertu dira. Izan ere, bidezidorra ireki dute luizia saihesteko, itxita dagoen bidegorri zatiaren paraleloan. Duela egun gutxitik erabilgarri dagoen behin-behineko bide hori erakusten duen bideo hau egin du Gotzon Aranburuk.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide