Azkoitia eta Urretxu arteko bidegorrian jazo zen luizia konpontzeko lanak lizitaziora atera ditu aldundiak

Andoni Elduaien 2025ko urt. 28a, 11:59

Mandabietako tuneletik gertu jazo zen luizia. (Gotzon Aranburu)

269.438 euroko aurrekontua dute obrek, eta hiru hilabeteko epean egitea aurreikusi du aldundiak. Luizia jazo zen gunea lehengoratzeko lanak udan hastea espero dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak aste honetan onartu du Azkoitia eta Urretxu arteko bidegorrian eta oinezkoen pasealekuan, Aizpurutxo parean, iazko otsailean gertatu zen luizia egonkortzeko lanen lizitazioa. Obren lizitazio-aurrekontua 269.438 eurokoa da, eta obrak egiteko aurreikusitako epea hiru hilabetekoa izango da. Irune Berasaluze foru bozeramaileak aurreratu duenez, lanak uda honetan hastea aurreikusten dute, behin dagozkion izapideak amaituta.

"Azkoitiko eta Urretxuko bizilagunek sarri erabiltzen duten bide hau, eta aisialdirako gunea izateaz gain, turismo berdearen erreferente handienetako bat da bai Urolan, bai lurralde osoan. Obra horiei esker, gure ingurune naturalaren gozamena eta mugikortasun jasangarria sustatzen dituen azpiegitura herritarrei itzuli ahal izango zaie", nabarmendu du bozeramaileak.

Zailtasun teknikoak

Era berean, Berasaluzek azaldu du proiektua idazteko eta tramitatzeko prozesuak hasiera batean aurreikusitakoa baino denbora gehiago behar izan duela, "planteatutako irtenbideen konplexutasun teknikoak" tarteko. "Altuera handiko ezpondak dituzten lurrak dira eta hainbat administrazio prozedura osatu behar izan dira", adierazi du Berasaluzek.

Proiektuak hainbat lan jasotzen ditu, hala nola ezpondaren saneamendua, altzairuzko sare aktibo elastikoa instalatzea eta mendi hegalaren drainatzean hobekuntzak egitea. "Gipuzkoako bidegorri sarea apustu estrategiko bat da lurralde berdeago eta irisgarriago bat eraikitzeko, eta proiektu hau beste urrats bat da azpiegitura jasangarriak eta seguruak eskaintzen jarraitzeko konpromiso horretan", azpimarratu du foru bozeramaileak.

Ia urtebete itxita

Iazko otsailaren amaieran izan ziren eurite bortitzek kalte nabarmenak eragin zituzten han-hemenka, baita Azkoitia eta Urretxu artean dagoen bidegorrian ere. Luizia, zehazki, otsailaren 28an jazo zen, Mandabietako tuneletik gertu, tunelaren ipar-mendebaldeko ahotik metro gutxira. Hogei metroko luzera eta hamabost metro baino gehiagoko altuera duen luizia eragin zuten euriteek egun hartan.

Gune arriskutsua izan zitekeela eta, bidegorria berehala ixtea erabaki zuen orduko hartan Gipuzkoako Foru Aldundiak, beharrezko egonkortze eta konponketa lanak amaitzen zituen arte. Lanak amaitu bitartean itxita egongo da, gutxi gorabehera, udazkenaren erdialdera arte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide