XV. Andremari Idi Dema Sariko lehen jardunaldia izan zen atzo iluntzean Gurea probalekuan. Atzokoan, hurrenez hurren, Igeldo, Elorrieta eta Zumeltxu probazaleen idiek jardun zuten 1.800 kiloko DIVA harriari tiraka.
Atzoko idi proba saioko lanik onena Laukizko (Bizkaia) Elorrietaren idiek egin zuten. 49,5 kiloko gainkargarekin aritu ziren Unai Elorrieta eta Iñaki Urrutia itzain zirela eta Jon Elgezabal erlojero. 36 plaza eta 2,48 metro egitea lortu zuten. Bigarren lanik onena Zumeltxuren idiek egin zuten. Kasu honetan, Ander Tubilla eta Iñaki Urrutia aritu ziren itzain eta J.Antonio Sistiaga erlojero. Idiek 3 kiloko gainkargarekin 32 plaza egitea lortu zuten. Igeldoren idiek, berriz, 28 plaza, lau zinta eta 2,19 metro egin zituzten. Idi hauekin Galder Bolaño eta Asier Zubillaga Igeldo aritu ziren itzain, J.M. Etxeberriak jardun zuen erlojero, eta idiek 9 kiloko gainkarga eraman behar izan zuten.
Gaur ere idi probak
Gaur jokatuko da Andremari Idi Dema Sariko bigarren jardunaldia. Gurea probalekuan, 22:00etatik aurrera, Belamendi (Errezil), Billabaso (Maruri-Jatabe, Bizkaia) eta I. Lopategi (Mungia, Birle, Bizkaia) probazaleen idiak ariko dira lehian.
Iaz Andremarietako idi proba sarian Billabasoren idi uztarria izan zen irabazlea, denera 41 plaza eginda.
(Argazkiak: Ibon Errazu)