Billabasok irabazi du aurtengo andremarietako idi dema saria. Atzo, astelehena, jokatu zuten Azkoitiko Probazale Elkarteak hamalaugarrenez antolatutako txapelketa, eta Maruri-Jatabeko (Bizkaia) idi uztarriak lortu zituen txapela, mantak eta saria. Guztira, 41 plaza zehatz egin zituzten bizkaitarrek, Elgoibarko (Gipuzkoa) Soartek baino bat gehiago, hain zuzen. Ander Tubilla eta Iñaki Urrutia aritu ziren itzain lanetan atzoko idi onenekin, eta J.A. Sistiaga ordulariarekin.
Hirugarren postua Mungiako (Bizkaia) Birle auzoko Lopategik eskuratu zuen 37 plaza eta 2,14 metro eginda, eta laugarren sailkatu zen Eibarko (Gipuzkoa) Mendigoiti, 36 plaza zehatz osatuta. Beraz, lanak eskasenetik onenera, ordena horretan ikusi zituzten Gureako probalekuan elkartu ziren 250 lagun ingurik; izan ere, Mendigoitik hasi, Lopategik eta Soartek segi, hurrenez hurren, eta Billabasok amaitu zuen atzoko jarduna.
Idiek 1.850 kiloko harriari jardun behar izan zuten tiraka itzainek lagunduta. Idi irabazleek, gainera, 58,5 kiloko gainkargarekin egin behar izan zituzten itzuliak Gurean; 22,5 kilo gehiagorekin aritu ziren Soarteren idiak; 33 kilo gehiagorekin Lopategirenak; eta 21 kiloko gainkarga eraman zuten Mendigoitiren idiek.
Hasiera batean atzo, astelehena, eta gaur, asteartea, jokatu behar zuten andremarietako idi dema txapelketa, baina lau idi uztarrik eman zutenez izena, txapelketa egun bakar batean jokatzea erabaki zuten azkenean. Honela gelditu da aurtengo txapelketaren sailkapena:
- Billabaso: 41 plaza.
- Soarte: 40 plaza.
- I. Lopategi: 37 plaza eta 2,14 metro.
- Mendigoiti: 36 plaza.
(Argazkiak: Ibon Errazu)