Udalak argitaratu du Andre Maria jaietako egitaraua

Mailo Oiarzabal 2024ko abu. 5a, 16:17

Igor Isuskiza eta Ana Azkoitia, 2024ko andremarien egitarauak eskuetan dituztela (Azkoitiko Udala)

Gaur eta bihar artean banatuko du egitaraua jasotzen duen liburuxka herriko etxe guztietara. Herritarrek datozen festetan "adinaren edota gustuen arabera non hautatua" izango dutela nabarmendu du aurten ere udalak.

"50 hitzordutik gora" dakartzan andremarietako festa egitaraua gaur zabaldu, eta gaur eta bihar artean Azkoitiko etxe guztietara banatuko du egitarauaren liburuxka Azkoitiko Udalak.

Herritarrek datozen festetan "adinaren edota gustuen arabera non hautatua" izango dutela nabarmendu du aurten ere udalak. "Festetan garrantzitsuena ondo pasatzea da. Urtean behin izaten dira, eta egun horiek beso zabalik hartu behar ditugu, betiere errespetuz eta erantzukizunez. Egitarauak 56 ekintza edo jarduera biltzen ditu, besteak beste, ekitaldi ofizialak, kontzertuak, haurrentzako jolasak, kale ikuskizunak edota pilota partidak. Norberak aurkituko du bere tokia", adierazi du Igor Isuskiza festetako zinegotziak.

Zinegotziak aipatutako eskaintza eta aukerak xeheago emanez, Andre Maria jaietarako prestatu dituzten hainbat ekintza eta horietan ariko direnen izenak aipatu ditu udalak: kontzertuak ("Nogen, I Love 80's, Esne Beltza, Hauek edo Gozategi"), kaleko musika ("Rockalean, Davila DJa, Bentazaharreko Mutiko Alaiak, Deiadar eta UKO3 txarangak, eta Brincadeira batukada"), tradizioak ("Salbea eta udal ordezkariek Azkoitiko herriari eskaintzen dioten aurreskua ez dira aurten ere faltako"), kirol ekitaldiak ("Jokin Ormaetxea elkartearen Martirietara Igoera, Peña-Zabaleta eta Zabala-Imazen arteko Caixabank Masters Txapelketako pilota partida, gimnastika erritmiko erakustaldia, herri kirol jaialdia eta Xeye elkartearen atletismo probak"), lehiaketak ("laburmetraiena, bikoteen dantza soltekoa edota Inazio Iriarte margo lehiaketa") eta bestelako hainbat (erraldoien eta buruhandien kalejirak, trikitilariak, kale ikuskizunak, bigantxak, ganadu azoka, su artifizialak...).

Bukatzeko, jaietako aurten ere hutsik egin gabe egingo dituzten bi bazkari nagusiak ekarri ditu gogora udalak jaietako egitarauari errepasoa egiterakoan: "1.400 lagun inguru" elkartuko dituen hilaren 18ko herri bazkaria; eta aurten 90 urte bete dituzten edo betetzen dituzten herritarren "bazkari hunkigarria".

Egitaraua

Azkoitiko Gazte Asanbladak berea jakinarazi eta ordu batzuetara zabaldu du Azkoitiko Udalak aurtengo andremarietarako prestatu duen jai egitaraua. Hona hemen, bi egitarauek uztartuta aurtengo andremarietan eskainiko dutena:

Abuztuak 10, larunbata

  • 11:00. Martirietako Igoera, plazatik abiatuta eta Jokin Ormaetxea txirrindulari elkarteak antolatuta. Egunean bertan eman beharko da izena, 10:00etatik 10:45era, plazan.

Abuztuak 14, asteazkena. Andre Maria bezpera

  • 11:00.Txupinazo alternatiboa.
  • 12:00. Andremarien hasierako txupinazoa, plazan. Musika Bandak Ondo pasau Andramaixek joko du, eta gero, Azkoitia abestuko dute Parrokiako Abesbatzak eta Iraurgi abesbatzak.
  • 12:30. Azkoitiko, Txantreako eta Buztintxuriko erraldoien eta buruhandien kalejira.
  • 17:00. DJen pintxada, txosnagunean: Munizzio, Murxi, Porru b2b Suupe, Anthony Pern, Kintana eta Albi.
  • 17:00. Haur parkea, Balda plazan.
  • 19:00. Rockalean kale ikuskizuna.
  • 19:50. Udal ordezkariak korporazioan joango dira parrokiara, Txalkor txistulari taldeak lagunduta, Alkate soinua-ren doinupean.
  • 20:00. Azkoitia 700 dela eta, Parrokiako Abesbatzak Te Deum-a abestuko du. Ondoren, herritarrek Ignacio Busca Sagastizabalen Salbea eta Aita Nemesio Otañoren Ave Maria abestuko dituzte parrokian, zazpi eta bost ahotsetara, hurrenez hurren.
  • 23:00. Nogen taldearen kontzertua, herriko plazan.
  • 23:00etatik 02:00etara. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak saihesteko nahiz murrizteko eta genero erasoen aurkako babesgune zerbitzuak, parrokiaren aurrean.

Abuztuak 15, osteguna. Andre Maria eguna

  • 09:30. Zubiondo Gaiteroak taldearen kalejira.
  • 10:00. Udal Musika Bandaren eta Txalkor txistulari taldearen kalejirak.
  • 10:50. Udal ordezkariak korporazioan joango dira parrokiara, Txalkor txistulari taldeak eta Musika Bandak lagunduta, Alkate soinua-ren doinupean.
  • 11:00. Meza nagusia.
  • 12:00. Erraldoien eta buruhandien kalejira, Zubiondo Gaiteroak taldearekin.
  • 13:00. Udal Musika Bandaren eta Txalkor txistulari taldearen kontzertua, Kontzejupean.
  • 17:00. Pilota partidak, Gurea pilotalekuan. Caixabank Masters txapelketako partidak jokatuko dituzte: batetik, Elordi eta Gabirondo Egiguren V.aren eta Tolosaren kontra, eta bestetik, Peña eta Zabaleta, Zabalaren eta Imazen aurka.
  • 17:30. Simulagailuak eta Txiki Chef, plazan.
  • 19:00. Magia poteoa.
  • 19:30. Davila DJa, Balda plazan.
  • 20:00. Azkoitiko gimnastika erritmiko taldearen erakustaldia, parrokiaren aurrean.
  • 20:00. Zubiondo Gaiteroak taldearen kalejira.
  • 20:30. Kontzertuak txosnagunean: Igitaia, Labankada, Iltze, Bellum eta Wanoska.
  • 23:00. I Love 80's taldearen kontzertua, plazan.

Abuztuak 16, ostirala. San Roke eguna

  • 09:30. Zubiondo Gaiteroak taldearen kalejira.
  • 10:00. Txalkor txistulari taldearen kalejira.
  • 10:50. Udal ordezkarien korporazioa parrokiara, Txalkor txistulari taldeak lagunduta, Alkate soinua-ren doinupean.
  • 11:00. Meza nagusia.
  • 12:00. Erraldoien eta buruhandien kalejira.
  • 12:15. Ohiko aurreskua, plazan.
  • 13:00. Udal Musika Bandaren eta Zubiondo Gaiteroak taldearen kontzertua, Kontzejupean.
  • 14:30. Bazkaria, txosnagunean.
  • 17:00. Ur parkea, Balda plazan.
  • 18:30. Elektrotxorongo elektrotxaranga.
  • 19:00. Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearen kalejira.
  • 23:00. Suzko erroberak, Vulcano etxearen eskutik.
  • 23:30. Esne Beltza taldearen kontzertua, plazan.
  • 00:00. Zugar Babyz DJa, txosnagunean.
  • 01:30. Txumba, txosnagunean.
  • 02:00. Anti-X DJa, txosnagunean.

Abuztuak 17, larunbata. Baserritarren Eguna

  • 09:00etatik 10:00etara. Azkoitiko Kultur Elkartearen XLI. Inazio Iriarte margo lehiaketarako zigilu jartzea, Portaleburu erakusketa aretoan. Lanak 14:00etatik 15:00etara bitartean jasoko dituzte toki berean.
  • 09:30. Herriko trikitilarien eta dultzaineroen kalejira.
  • 09:30. Ganadu erakusketa, Plazaberrin.
  • 11:00. Herriko trikitilari gazteen kalejira.
  • 12:00. Erraldoien eta buruhandien kalejira, Txalkor txistulari taldeak lagunduta.
  • 12:00. Herri kirol jaialdia, plazan.
  • 12:30. Jubilatuen meza, parrokian.
  • 14:30. Jubilatuen bazkaria, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Bertan, aurten 90 urte betetzen dituzten herritarrak omenduko dituzte.
  • 17:30. Kulki herri kirolen jolasgunea plazan.
  • 18:00. Bikote Helduen Dantza Suelto Txapelketa, Balda plazan.
  • 18:00. Mus txapelketa txosnagunean.
  • 19:00. Deiadar txaranga, herriko kaleetan.
  • 19:30. XLI. Inazio Iriarte margo lehiaketaren sari banaketa, Portaleburun. Jarraian, Juan Mari Arrizabalagaren liburuaren aurkezpena.
  • 22:00. Film Laburren XII. Lehiaketaren lanen emanaldia eta sari banaketa, plazan.
  • 23:10. Hauek taldearen kontzertua, plazan.

Abuztuak 18, igandea. Kuadrillen Eguna

  • 11:00. Atletismo saioa, Balda plazan. Ondoren, XXII. Andremarietako Milia eta XXI. Kale Atletismo Erakustaldia, Xeye atletismo taldeak antolatuta.
  • 12:00. UK03 txaranga, herrian zehar.
  • 14:30. Herri bazkaria, plazan.
  • 16:30. Brincadeira batukadaren Merograde ikuskizuna, kaleetan.
  • 17:30. Apar festa, Balda plazan.
  • 18:30. Zezenak, Plazaberrin.
  • 19:30. UK03, herrian zehar.
  • 20:00. Erromeria txosnagunean, Kitziki taldearekin.
  • 21:30. Gozategi taldearen kontzertua, plazan.
  • 22:00. Kontzertuak txosnagunean: Ukabil, Inoiz Ez eta Check Boyz.
  • 00:00. Suzko zezena, herriko plazan.
  • 00:15. Brincadeira batukadaren Glowdrums ikuskizuna, kaleetan.
  • 23:00etatik 02:00etara. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak saihesteko nahiz murrizteko eta genero erasoen aurkako babesgune zerbitzuak, parrokiaren aurrean.

Abuztuak 19 eta 20, astelehena eta asteartea

  • 22:00. XIV. Diva-Sat idi dema saria, Gurea pilotalekuko probalekuan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide