Azkoitiko Gazte Asanbladak prest du andremarietako txosnaguneko egitaraua

Julene Frantzesena 2025ko abu. 5a, 11:50

Azkoitiko txosnagunea iazko jaietan. (Aitziber Arzallus)

Aitek eta Juaristi enpresetan bizi duten egoera salatzeko, bi lantegi horietako beharginek botako dute egitarauari hasiera emango dion txupinazoa. Gero, bost egunez, askotariko ekitaldiak izango dira Goiko Losan eta herrigunean. Gazte Eguna izango da, gainera, abuztuaren 16an; egun osoko egitaraua prestatu dute egun horretarako.

Azkoitiko txosnagunea Goiko Losan izango da aurten ere, eta gune hori kudeatzeaz arduratzen den Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) prest du dagoeneko andremarietarako egitaraua.

Askotariko ekintzak prestatu ditu AGAk festetako bost egunetarako. Andremari bezperan, 11:00etan hasiko dira horiekin, San Martingo Ardatz elkartearen atarian botako duten txupinazoarekin; aurtengo suziria Aitek eta Juaristi enpresetako beharginek botako dute, bizi duten lan egoera salatzeko. Gero, trikilariek lagunduta plazara jaitsiko dira han bildutakoak, eta segidan, karropoteoa egingo dute. DJ hainbaten emanaldiak izango dira arratsaldetik goizaldera bitartean.

Andremari egunean kontzertuak izango dira, eta hurrengo egunean, Gazte Eguna egingo dute txosnagunean. Hain zuzen ere, goizean graffiti eta DJ tailerrak egingo dituzte, eta gero bazkaritarako txanda izango da. Arratsaldean, karropoteoaren ostean, kontzertuak izango dira Goiko Losan. Hilaren 17an, berriz, mus txapelketa egingo dute, eta 18an, kuadrillen arteko jolasak ez ezik, kontzertuak ere izango dira.

Muntaketarako laguntza

Txosnagunea abuztuaren 13an, asteazkenez, muntatuko dute, eta horretarako boluntarioen laguntza beharko dutela zehaztu dute Azkoitiko Gazte Asanbladako kideek. Muntatze lanetarako 11:00etan jarri dute hitzordua, Goiko Losan. Halaber, hilaren 19an, txosna desmuntatzeko ere jarri dute hitzordua; egun horretan ere 11:00etan elkartuko dira.

Egitaraua, osorik

Hona hemen txosnagunean andremarietako prestatu duten egitaraua:

Abuztuak 14, Andremari bezpera

  • 11:00. Txupinazo alternatiboa, San Martin auzoko Ardatz elkartean.
  • 11:45. Trikitilariek lagunduta, plazara kalejira.
  • 12:15. Karropoteoa.
  • 17:00. DJ Pintxada: The Terror 4, Charles Ramirez, Andrew Car, Albi, Anthony Pern, Murxi eta Anti X.

Abuztuak 15, Andremari eguna

  • 19:00. Kontzertuak: Iltze, Labankada, Ostikoka eta Derrumbe.

Abuztuak 16, Gazte Eguna

  • 12:00. Graffiti eta DJ tailerrak.
  • 14:30. Bazkaria eta hitzaldia.
  • 17:00. Elkartasun argazkia.
  • 17:30. Karropoteoa.
  • 19:00. Kontzertuak: Xaribari, Hauek eta Txunba.

Abuztuak 17, Baserritarren eguna

  • 17:00. Mus Txapelketa

Abuztuak 18, Kuadrillen eguna

  • 12:30. Kuadrillen arteko jolasak.
  • 19:00. Kontzertuak: 48280, Rungos, Check Boyz eta Ezohi.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide