EAJk ukatu egin du udalak alderdikeriaz jokatu izana, eta argitalpenak "udal osoa ordezkatzen" duela azpimarratu du

Ane Olaizola 2025ko uzt. 24a, 12:34

Udalak banatu berri duen 'Kontuak Ematen' aldizkaria.

PSE-EEk Kontuak Ematen aldizkariaren "erabilera alderdikoia" salatu ondoren, jeltzaleek gezurtatu egin dute halakorik, eta udalak "herritarren informaziorako eskubidea" bermatu behar duela azpimarratu dute. Era berean, EAJren ustez, PSE-EEk esandakoak "agerian" uzten ditu bere "kontraesanak".

Hautsak nahasi ditu udalak agintaldiaren aurreneko bi urteetan egindakoa bilduz herritarren artean berriki banatu duen Kontuak Ematen aldizkariak; izan ere, EAJk udalaren baliabide publikoekin egin duen "erabilera alderdikoia" salatu du Azkoitiko PSE-EEk, eta argitalpena oposizioko taldeen parte hartzerik eta ezagutzarik gabe egin izana gaitzetsi du. Horren aurrean, EAJk erantzun egin dio PSE-EEri, eta erakundeak egindakoa defendatu dute jeltzaleek: "Udalaren ardura da kudeaketa publikoaren inguruko azalpena ematea herritarrei, zer egin den eta zer ez den egin esatea, eta horixe jaso da udalak kaleratu duen Kontuak Ematen aldizkarian". Gainera, jeltzaleek ukatu egin dute alderdikeriaz jokatu izana, argitalpenak "udal osoa ordezkatzen" duelakoan. 

Herritarrek informaziorako eskubidea dutela eta, alderdiak azaldu du udal ordezkariei dagokiela eskubide hori bermatzea, eta informazio horrek "irisgarria" izan behar duela azpimarratu du: "Herritar guztiak ez dira natibo digitalak eta ez dute Internetik. Eta haiek ere udalaren kudeaketaren inguruko informazioa eskuratzeko eskubide osoa dute”.

"Orain gaizki?"

Horrez gain, EAJk uste du PSE-EEk esandakoak "agerian" uzten dituela bere "kontraesanak". Izan ere, gogoratu du aldizkari beraren beste zenbaki bat kaleratu zuela udalak aurreko agintaldian ere, PSE-EEk EAJrekin batera udal gobernua osatzen zuenean, hain zuzen: "Zer aldatu da gobernuan zegoela begi-onez ikusteko eta oposizioan egonda, horrelako kritika egiteko? Hori ez da bidezkoa, eta batez ere, inkoherentea da". Ildo horretan, kritika berbera egin dio Azkoitia Bai herri plataformak PSE-EEri. 

Funts publikoen erabilera desegokia leporatzea, berriz, "larria" deritzo Azkoitiko Udal Gobernuan dagoen alderdiak. "Ezin da horrela dena zikindu. Jarrera alderdikoia erakutsi duena PSE-EE da".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide