EAJk udalaren baliabide publikoekin egin duen "erabilera alderdikoia" salatu du Azkoitiko PSE-EEk, bere "harridura" azaltzearekin bat. Herritarrek funts publikoekin egindako eta finantzatutako aldizkari bat jaso dutela jakinarazi du alderdi sozialistak, eta hori oposizioko taldeen parte hartzerik eta ezagutzarik gabe egin izana gaitzetsi du.
Janire Igoa PSE-EEko bozeramaileak "onartezintzat" jo du hori, eta esan du "gardentasun falta argia eta funts publikoen erabilera desegokia" daudela horren atzean. "Ez dugu ulertzen zergatik erabiltzen duen EAJk herritar guztien dirua bere onurarako. Ez da ahaztu behar udalak herritar guztiak ordezkatzen dituela, baita oposizioko taldeoi botoa eman zigutenak ere. Horregatik, gardentasun handiagoa eta komunikazio hobea eskatzen ditugu horrelako ekimenak adostu daitezen", azaldu du Igoak.
Igoaren esanetan, herritarrek "informazioa orekatua eta askotarikoa" merezi dute, eta "ez diru publikoarekin finantzatutako ezkutuko propaganda", esan du zinegotziak.