Anaitasuna futbol taldeak ofizial egin berri du: Iñigo Oruesagasti Orue azkoitiarra izango da gorritxoen emakumeen lehen taldea zuzenduko duen entrenatzaile berria. Azken urteetan Anaitasunaren harrobiko hainbat talde zuzendu ditu Oruek, eta orain, Emakumeen Euskal Ligako taldearen entrenatzaile lanak egiteko erronka hartu du. Gizonen Gorengoen mailako taldea zuzendu eta gero hasiko du emakumeen taldeko ibilbidea azkoitiarrak.
Hura izango da, beraz, Mikel Barquerori erreleboa hartuko dion entrenatzailea. Barquerok hiru denboraldi egin zituen Anaitasunan, eta zailtasun berezirik gabe lortu zuen hiru urteetan mailari eustea, eta bide horretan, harrobiko jokalariei aukera ematea. Guztira, 102 partida zuzendu eta gero utzi zion Barquerok Anaitasunako entrenatzaile izateari. Orain, Oruesagastiren aroari ekingo diote gorritxoek.
Oruerena ofizialki iragarrita, herriko futbol taldeak gizon-emakumeen lehen taldeetako entrenatzaile postuak itxita ditu; izan ere, Loren Barbado errenteriarrak beste urte bat egingo du gorritxoen aulkian. Gainera, hainbat kontratu luzatzeren eta fitxaketen berri eman du futbol klubak; Galder Guembek, Julen Odriozolak, Jokin Errazuk, Julen Olaizolak, Beñat Garmendiak, Unai Perezek, Carlos Juaristik eta Hicham Hazimek taldean jarraituko dutela iragarri du Anaitasunak. Bestalde, sasoi berrira begira egindako fitxaketen artean daude Julen Aramendi, Marcus Osamwonyi eta Jon Peña.