Loren Barbadok Anaitasuna zuzentzen jarraituko du beste urte batez

Andoni Elduaien 2025ko eka. 11a, 09:06

Loren Barbado Anaitasunako entrenatzailea. (Urtzi Oteiza)

Igaro berri den denboraldia maila onean amaitu du Loren Barbadok zuzendutako taldeak, eta hala, Anaitasunak Errenteriako (Gipuzkoa) entrenatzailearen aldeko hautua egin du datorren denboraldira begira. 

Loren Barbado entrenatzaile errenteriarrak Anaitasunaren gizonen lehen taldea zuzentzen jarraituko du beste urte batez. Herriko futbol klubak atzo arratsaldean jakinarazi zuen berria sareetan. 

Gorritxoak Gipuzkoako Ohorezko Erregionalen mailako seigarrenak izan dira aurten, hamahiru garaipen, hamabi berdinketa eta bederatzi porrot pilatuta; guztira, 51 puntu batu ditu Anaitasunak igaro berri den sasoian.

Denboraldi irregularra izan da gorritxoena, boladaka joan dena. Bai lehen itzulia, bai bigarrena, oker hasi zituen Anaitasunak; lehen itzuliaren erdialdean emaitza onak pilatu zituen arren –bost garaipen eta hiru berdinketa–, bigarrenean gehiago kostatu zitzaion taldeari puntuak pilatzea –hamar astetan garaipen bakarra erdietsi zuen taldeak–. Nolanahi ere, modu onean amaitu zuten sasoia gizonek, azken zazpi partidetan lau partida irabazi eta hiru berdinduta.

Azken asteetako itxurari eta jokoari jarraipena eman nahian, Barbadok bigarren urtea egingo du Anaitasunan. Aurrez, Ondarroako (Bizkaia) Aurrera taldea zuzendu zuen hark Espainiako Hirugarren Mailan, baina, lehenago, 16 urtez azpiko euskal selekzioko nahiz Eibar taldeko kadete mailakoen entrenatzailea izan zen errenteriarra.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide