Pastorala eskainita, Joxe Mari Agirretxe omendu du Xabier Munibe ikastolak

Andoni Elduaien - Urtzi Oteiza 2025ko eka. 12a, 16:20

Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoaren bizitzari buruzko pastorala aurkeztu dute Xabier Munibekoek Baztartxon. Ikuskizunaren hasieran Agirretxe berak egin du bere ibilbidearen errepasoa oholtzara igota. Amaieran, berriz, omendu egin dute ikastolakoek. Esker hitzak zuzendu dizkie artistak guztiei, baita mezu bat baino gehiago eman ere.

Azkoitiko Xabier Munibe ikastolako LHko seigarren mailakoek Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoaren bizitzan oinarritutako pastorala aurkeztu dute gaur, osteguna, Baztartxo antzokian. Guztira, ehun ikasle baino gehiago igo dira antzokiko oholtzara Agirretxeren biografia kantuz eta dantzaz antzeztera.

Haurrek ez ezik, protagonistak berak ere parte hartu du ikuskizunean; izan ere, pastoralaren sarreran, bere bizitzaren nondik norakoak plazaratu ditu artista ezagunak. Amaieran, berriro igo da Agirretxe oholtza gainera; izan ere, ikastolakoek omenalditxo bat egin diote hari, lore bat oparituta eta bere ibilbideko diskografian oinarritutako idatzi bat irakurrita. Agirretxek, berriz, haienganako esker hitzak izan ditu, eta mezu ugari eman dizkie antzokian bildutakoei.

Gukak artistarekin hitz egiteko beta izan du ekitaldiaren ondoren, eta oso eskertuta azaldu da. "Ederra eta hunkigarria izan da ikuskizuna. Lan bat dago honen guztiaren atzean; haurrak beraiek izan dira protagonista ikuskizunaren eraikuntzan, haiek kantatu, dantzatu eta antzeztu dute eta. Denok hunkituta izan gara hemen", adierazi du.

Ikasleentzako, irakasleentzako eta gurasoentzako ere esker hitzak izan ditu Agirretxek. "Bizitakoagatik eta egunerokotasunean egiten duten lanagatik, zoriondu eta eskertu nahi nituzke, batetik, euskaraz bizitzeagatik eta amesteagatik, eta bestetik, bizitzari umoretik ekiteagatik. Umorea ez da bakarrik barre algara bat; umorea da bizitzan edota egunerokotasunean nola egon eta nola egin jakitea, betiere eraikuntzatik, alaitasunetik eta errespetutik". 

Kulturari balioa emateko deia ere egin du azkenik omenduak. "Era berean, zoriondu eta eskertu nahi ditut kulturaz blaitzeagatik. Kulturak egiten gaitu pertsona, kulturak egiten gaitu herri nahiz komunitate eta kulturatik munduari ematen diogu nahiz handik jaso; hori da niretzat garrantzitsua. Inoiz baino gehiago egin behar dugu kulturaren eta euskararen transmisioa ikastetxeetatik eta herritik. Eskola Kirola oso ondo dago, baina Kultur Eskola behar dugula uste dut, multi-kultura. Hori denon ardura da; hemen ardura hartuta dago eta ekiten diote", esan du. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide