Gomazko palistek bihar ekingo diote Herriartekoaren final zortzirenetakoari, eta eskuzkoek, zapatuan

Andoni Elduaien 2025ko mai. 14a, 09:04

Oteiza elkarteko gomazko palistak. (Oteiza)

Bai gomazko palistak, bai eskuzko pilotariak Gurea pilotalekuan ariko dira aste honetan. Gomazko palistek bihar, osteguna, 20:30ean jokatuko dute Zumarragaren aurka. Aldiz, eskuzko pilotariak zapatuan ariko dira, 19:30ean hasita. Bi modalitateetan final zortzirenetako joanekoa jokatu beharko dute Oteiza elkartekoek.

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa duela bi aste abiatu zen Oteiza elkarteko eskuzko pilotarientzat, eta bihar, osteguna, hasiko da gomazko palistentzat. Bi taldeek final zortzirenetako kanporaketaren joaneko partidak jokatu beharko dituzte aste honetan, eta biak etxean, Gurea frontoian, arituko dira.

Gomazko palisten txanda izango da aurrena; haiek 20:30ean jokatuko dute bihar, Zumarragaren aurka. Iaz ez bezala, aurten Herriartekoan arituko dira Oteizako palistak: Igor Larrañaga, Jokin Aizpuru, Iker Epelde eta Aitor Juaristi dira taldekideetako batzuk. Palista horiek final laurdenetara sailkatzea lortzen badute, Astigarraga izango dute aurkari final laurdenetan. Finalerako bidean, Azkoitia dagoen adar berean daude, Zumarraga eta Astigarragaz gain, Lasarte-Oria, Hernani eta Aia. Gomazko paletako finala ekainaren 29an, igandez, jokatuko dute, oraindik erabaki gabe duten pilotalekuan

Eskuzko pilotariek 6-0 irabazita gainditu dute final hamaseirenetan Aretxabaletaren aurkako kanporaketa. Orain, Ataun izango dute aurkari Azkoitiko pilotariek, eta zapatuko 19:30ean jokatuko dute haien aurkakoa, Gurean; izan ere, ostiral gauean B Serieko buruz buruko finalerdiak izango dira herriko pilotalekuan.

Herriko pilotariek Ataun gaindituko balute, Astigarraga-Beasain kanporaketako irabazlearen aurka jokatu beharko lukete final laurdenetan. Finalerako bidean, Ataunez gain, Usurbil, Hernani, Zaldibia, Astigarraga, edota Beasain izan ditzake aurkari Azkoitiak. Ekainaren 28an izango da txapelketaren finala, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, 10:30ean.

Hona hemen eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren koadroa:

Hona hemen gomazko paletako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren koadroa:

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide