B Serieko buruz buruko txapelketaren bi finalerdiak Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatuko dituzte datorren ostiralean. 21:15ean hasiko da jaialdia, eta bi finalerdi horiez gain, binakako partida bat ere jokatuko dute pilotari profesionalek. Asteburuan lortu du finalerdietarako azken txartela Asier Agirrek, eta hala, ebatzita gelditu dira ostiraleko bi finalerdiak.
Aurreneko partidan, Agirre bera eta Joseba Aldabe ariko dira nor baino nor gehiago, eta bigarren finalerdian, Joanes Bakaikoa eta Iraitz Zubizarreta Zubizarreta III.a. Dena den, ostiraleko jaialdia eskuz binakako hirugarren partida batek osatuko du; Unai Alberdi Alberdi II.a eta Gorka Ugartemendia ariko dira batetik, eta Hodei Exposito eta Arkaitz Gabirondo.
Ostiralerako sarrerak salgai daude Interneten, Entradium atarian. Kantxako harmailetako sarrerek 25 euro balio dute, eta goiko solairuko nahiz errebotekoek, 15 euro. Leihatilan ere salduko dituzte sarrerak, baina egunean bertan bakarrik.