Musika elektronikoa lau egunez lau haizetara zabaldu eta gero, datorren urtera arte agurtu dute Holz Und Blech jaialdia. Asteazkenetik gaur goizaldera arte luzatu da Zuhaitz Urain Zizu zena omentzea nahiz oroitzea xede duen jaia, eta beste urte batez musika mota horren zale den jendetza elkartu da herrian. Urteroko gisan, Eurre ta txapa! lelo hartuta egin dute festa elektronikoa.
Asteazkenez murgildu ziren jaian; familiei eta gazteei zuzendutako egitasmoa izan zen ordukoa, eta dozenaka haur aritu ziren aztarka musika elektronikoaren jatorria zein den ezagutzeko. Haurrek perkusiozko musika tresnen bidez ezagutu ahal izan zuten "gorputza dantzan jartzen duten erritmoak" nola sortzen diren, eta modu horretan murgildu ziren doinu elektronikoetan.
Ostegunean izan zuten jaiari ekiteko hitzordu nagusia. Zizu zena eta haren sendia omenduta hasi zuten aurtengo jaialdia. Suziria botata, Zizuren irudia erakusten zuen pankarta zabaldu zuten aurrena, eta txalapartarekin pieza bat jo zuten gero. Segidan, Gela eta Telmo Trenor disko jartzaileen hitzaldien txanda iritsi zen; aurrena hitzaldia eskaini zuten biek Joseba Elorza kazetariaren esanetara Galipan tabernan, eta ondoren, saioa eskaini zuten. Lehen eguna amaitzeko, Maitx DJak eskaini zuen saioa Plazaberrin.
Ostiralean eta zapatuan, berriz, Euskal Herriko nahiz nazioartetik Azkoitira iritsitako disko jartzaileak izan ziren festarako sugar. Herriko hainbat gunetan eta tabernatan eskaini zituzten emanaldiak, eta bi egunetan goizaldera arte luzatu zuten musikazaleek festa. Guztira, 40 disko jartzaile inguruk parte hartu dute aurtengo Holz Und Blech jaialdian.