Holz Und Blechen hiru eguneko musika diskoa, martxan

Andoni Elduaien 2025ko mai. 1a, 19:35

Zizu zena eta haren senideak nahiz ingurukoak omenduz hasi dute Holz Und Blech jaialdia Azkoitian. Gaurtik larunbatera bitartean, 40 disko jartzaile baino gehiago ikusi ahal izango dira zuzenean herriko zenbait txokotan eta tabernetan.

Musika elektronikoaren plaza bilakatu da Azkoitia gaurtik. Zuhaitz Urain Zizu zena eta haren sendia omenduta, abian da hiru egunez etenik gabe arituko den musika elektronikoaren diskoa. 18:00ak aurretik Balda plazan elkartu dira dozenaka lagun, orduan hasi baitute jaialdia. Suziria botata, Zizuren irudia erakusten zuen pankarta zabaldu dute aurrena, eta txalapartarekin pieza bat jo dute gero. Aurten, bederatzigarrenez ari dira jaialdia egiten.

Plazatik Galipan tabernara mugitu da segidan jendea; izan ere, Julia Lozano Gelaren eta Telmo Trenorren hitzaldia zegoen programatuta ordurako. Hasi aurretik, baina, antolatzaileek eskerrak eman dizkiete herritarrei; izan ere, urtez urte salmentara ateratzen dituzten arropen eta bestelakoen salmentak gora egin duela adierazi dute, eta horien atzean herritarrak daudela adierazi dute. Bide batez, Zizu gogoan izan dute antolatzaileek, eta hura nahiz norbere burua omenduz, asteburua ondo igarotzeko gonbidapena egin diete musika zaleei.

Jende ugari bildu da tabernan, hitzaldirako egokitu dituzten aulki gehientsuenak beteta, zutik ere jarraitu baitute bi disko jartzaileen solasaldia zenbaitek. Joseba Elorza kazetari azkoitiarra aritu da Gelari eta Trenorri galderak egiten. Besteak beste, hastapenez, musika zaletasunez, musika sortzeko moduez eta norbere proiektuez hitz egin dute bi disko jartzaileek, herritarrek haien esanak adi-adi jarraitzen zituzten bitartean. Gelak eta Telmo Trenorrek, baina, hitzaldia ez ezik, emanaldia ere eskaini dute Galipan tabernan bertan. Gaurko egitaraua ixteaz, ordea, Maitx DJa arduratuko da; 22:30ean hasiko da disko jartzaile horren emanaldia, Plazaberrin. 

Jaialdiaren hasiera ofiziala gaur izan bada ere, Holz Und Blechi lotutako ekintzak atzo hasi ziren, familiei eta gazteei zuzendutako tailerrarekin. Haurrek perkusiozko musika tresnen bidez ezagutu ahal izan zuten "gorputza dantzan jartzen duten erritmoak" nola sortzen diren, eta modu horretan murgildu ziren doinu elektronikoetan.

Hona hemen aurtengo jaialdiari gelditzen zaionaren egitaraua:

  • Gaur, osteguna:
    • 22:30. Maitx DJaren emanaldia, Plazaberrin.
  • Bihar, ostirala:
    • 17:00etatik 02:00etara, Alternative Krew, Munizzio, Adre eta Lumbago, Matadeixen.
    • 02:00etatik 06:00etara, Garai eta Gisa, Latz tabernan.
    • 02:00etatik 06:00etara, Juantxi eta Ladrillovitz, Txalintxo tabernan.
  • Etzi, zapatua:
    • 16:00etatik 00:00etara, Alexander Loop B2B House One, Abdulla A., Vass eta Mari.Te, Goiko Losan.
    • 20:00etatik 22:00etara, Acelga eta Zatibi, eliz atarian.
    • 22:00etatik 02:00etara, Alcid eta BLN Music, Hika tabernan.
    • 22:00etatik 04:00etara, Divorce from New York, Galiano eta Borja S., Zurt tabernan.
    • 22:00etatik 06:00etara, Andrew Car B2B Anthony Pern, Goiko B2B Julen Lujan, Nelli eta Maya B., Txalintxo tabernan.
    • 00:00etatik 04:00etara, Beba B2B Panda eta Bihotza, Dean tabernan.
    • 00:00etatik 04:00etara, Kapitaina B2B Xugua eta Vita V, Etxe-Aitz tabernan. 
    • 00:00etatik 04:00etara, Göo! B2B Piek eta Javier Carballo, Tta-kun tabernan.
    • 00:00etatik 06:00etara, Koldo Intermusic, Brgs eta Orphidal, Latz tabernan.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide