Kontzertuekin eta solasaldiekin ekin diete Udaberriko Bebarruko Jardunei Matadeixen

Ane Olaizola 2025ko mar. 31a, 09:20

Putxs en Luchako Carolina Clemente, larunbatean, Matadeixen tailerra ematen. (Matadero Ekintzak)

-Ante eta ASV triow musika taldeek kontzertu bana eskaini zuten ostiral gauean, eta biharamunean, sexu langileen eskubideen alde lan egiten duen Putxs en Lucha kolektiboak tailerra eta mahai ingurua eskaini zituen.

Matadero Ekintzakek antolatuta, Udaberriko Bebarruko Jardunek hasi dituzte asteburuan Matadeixen. Ostiral gauean, kontzertuekin eman zioten hasiera egitarauari, -Ante eta ASV triow musika taldeak arduratu baitira aurtengo kartela irekitzeaz. 

Ordea, kultur emanaldiak ez ezik, bestelako hainbat saio ere izan dituzte asteburuan. Hain zuzen, sexu langileen eskubideen alde lan egiten duen Putxs en Lucha kolektiboak sexu lanari buruzko tailerra eta mahai ingurua eskaini zituen larunbatean; taldeko kide Carolina Clemente izan zen hizlaria, eta hainbat lagun elkartu ziren Matadeixen haren azalpenak jasotzeko.

Lehenengo saioak igarota, datorren larunbatean jarraituko dute Bebarruko Jardunek, Ekain pailazoaren Arlote bat ikuskizunarekin (19:00).

Horren ondoren, honako egitaraua izango du egitasmoak:

  • Apirilak 10, osteguna: Gasteizkoak taldearen Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras liburuaren aurkezpena, 19:00etan.
  • Maiatzak 1, osteguna: Les Conches Velasques, Ibon RG eta Garazi Navasen kontzertuak, 20:00etan. 
  • Maiatzak 16, ostirala: Nize taldearen kontzertua, 22:00etan.

-Ante, Udaberriko Bebarruko Jardunetan. (Matadero Ekintzak)

ASV triow taldea, Udaberriko Bebarruko Jardunetan. (Matadero Ekintzak)

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide