Eskubideak izateko bidea urratuz

Maddi Txintxurreta 2025ko mar. 28a, 09:04

Carolina Clemente, trans pertsonen eskubideen aldeko manifestazio batean. (Utzitakoa)

Carolina Clemente (Bartzelona, 1985) psikologian graduduna, filologia frantsesean lizentziaduna eta sexu langilea da. Sektore horretako langileen eskubideen defentsan aritzen da Putxs en Lucha kolektiboan, eta sexu lanari buruzko tailerra emango du bihar Matadeixen.

Carolina Clemente sexu langilea da, eta hainbat urte daramatza behargin horien eskubideen aldeko aktibismoan; egun, Putxs en Lucha kolektiboko kide da. Argitu du ez dela lanbide hori erregulatzearen aldekoa, arauketa modu horrek berariaz dakarrelako agintzea "zein eremutan jardun daitekeen prostituzioan eta zeintzuetan ez" eta, beraz, sarritan, kaleko sexu lana debekatzen duela. Eta Clementeren esanetan, hain zuzen, bezeroak kalean antzematen dituzten putak izan ziren, 1975eko udaberrian, sektore horretako langileen eskubideen aldeko borrokaren aitzindari: Lyoneko (Frantzia) eliza bat okupatu zuten, jasaten zituzten diskriminazio egoera anizkoitzak salatzeko.

Geroztik, sexu langileen eskubideen aldeko borrokak hazi egin dira mundu zabalean, nahiz eta haien kontrako diskriminazio laborala eta soziala ez den eten. Are, prostituten borroka indartsu ikusten duen arren, gizartea kontrako norabidean doala begitantzen zaio Clementeri: "Eskuin muturrera bira egiten ari gara eta, gure kasuan, horrek gure gorputzen eta sexualitatearen gaineko kontrol gehiago dakar. Paniko morala zabaltzen ari da, gure sexualitatearen beldur izan gaitezen saiatzen ari dira".

Prostituzioak ertz asko ditu, arantzatsuak maiz, eta horren jakitun da Clemente. Horregatik, gaiaren inguruan kolektiboki hausnar eta eztabaida dadin dator Azkoitira bihar, Udaberriko Bebarruko Jardunen barruan, sexu lanari buruzko tailer bat eskaintzera. 11:00etan izango da, Matadeixen.

Putxs en Lucha taldeko kideak berezko egia bat dakar berekin, prostituzioaren gaia lantzeko zilegitasuna ematen diona: hamarkada bat darama sektore horretan lanean. Haren iritziz, garrantzitsua da hori, dioenez, sexu langileei askotan ukatu dietelako beren lanbideari buruz aritzeko ahotsa, nola sexu lana kriminalizatzen duten komunikabide "jeneralistek", hala prostituzioa abolitzearen alde dauden feministek. "Diskurtso horrek inoiz ez du baliozkotzat hartzen gure hitza. Proxenetak izatearen susmoa ezartzen du gu guztion gain, edo baieztatzen du trauma batek eraman gaituela lan honetara", adierazi du.

Hala, diskurtso abolizionista "arriskutsua" dela ohartarazi du Clementek, batetik, sexu langileei erabakitzeko gaitasuna erauztea dakarrelako eta, bestetik, "puta estigma" elikatzen duelako.

"Puta estigma"

Psikologian graduduna da Clemente, eta gizarteak prostituzioaren inguruan dituen aurreiritziek, hau da, "puta estigmak", sexu langileengan dituen ondorioak aztertu zituen gradu amaierako lanean. Jende askok uste duenaren kontrara, defendatzen du plazerik gabeko sexu harremanak ez direla traumen edo bestelako arazo psikologikoen eragile, aitzitik, estigma bera dela, arazorik izatekotan, horien sorburua. Hainbat arrazoi daude horren atzean: esan du, batetik, sexu langileek beren buruaz duten kontzeptuan eragina duela puta estigmak. "Gure buruari buruz dugun kontzeptua ez da ezerezetik sortzen, gizarteak eragina du horretan. Gizarteak irakurtzen bazaitu etikoki balio ez duen pertsona bezala, suntsituta dagoen pertsona bezala, izaki zikin bat bezala... Eragina du zure buruaz duzun irudian. Oztopo horren kontra aritu behar dugu beti", azaldu du.

"Prostituzioa utzi nahi duten kideentzat enplegu alternatibak egon daitezela eskatzen dugu, badakigulako mundu guztiak ez duela lan hau egin nahi"

Estigmak, aldi berean, harreman pertsonalak zailtzen ditu, "errudun" bilakatzen dituelako sexu langileak, eta haien kontrako "indarkeria, gutxiespena eta bazterkeria" justifikatzen dituelako, Clementeren hitzetan. Horrela, badirudi lanbide horrek pertsona baten bizitzako gainontzeko esparruak deuseztatzen dituela, baina Putxs en Luchako kideak gogoratu duenez, sexu langile bat izan daiteke ama, emaztea, laguna... beste edozein bezala.

Hala ere, instituzioak izan dira Clementek prostituta izateagatik jasan duen indarkeria bortitzenaren eragile. "Gure kontra egiten diren lege guztiek indarkeria dakarkigute: mozal legea-k eta udal ordenantzek, adibidez", agertu du.

Azaldu duenez, Euskal Herrian kalean lan egiten duten sexu langileak "ez dituzte beste lekuetan bezainbat molestatzen", haatik, ohartarazi du prostituzio independentea zaildu egin dela Espainiako Kongresuak Soilik baietz da baietz legea onartu zuenetik, sexu langileen iragarkiak debekatu zituelako. "Lehen, gure lana iragartzeko doako webguneak zeuden, edo oso merkeak ziren. Baina webgune horiek itxi egin zituzten, eta orain askoz gehiago ordaindu behar dugu, eta, gainera, ezin dugu esplizituki esan sexu zerbitzuak eskaintzen ditugula. Horren ondorioz, emakume asko klubetara itzuli dira, eta horietan inposatzen dituzten baldintzak onartu behar izan dituzte", dio Clementek.

Abolizioa? Ez da existitzen

Clementek nabarmendu modura, zenbaitzuek bilatzen duten prostituzioaren abolizioa, gaur-gaurkoz, ez da existitzen, munduko ezein herrialdek ez baitu lortu sexu lana desagerraraztea, legezko debekuak ezarri dituzten asko badaude ere. Gainera, ohartarazi du sexu lanaren kontra han eta hemen hartu diren legezko neurriek langileen baldintzak okertzea besterik ez dutela eragin.

"Neurri zigortzaileek sexu langileen bizitza eta lana zailtzen dituzte", agertu du. Suediako adibidea ekarri du Putxs en Luchako kideak. "Sasi-abolizionista den lege bat daukate 1999tik. Horren arabera, etxejabe batek prostituta bati alokatzen badio pisua, estatuak proxenetatzat hartzen du, maizterraren sexu lanarekin etekin ekonomikorik ateratzen ez badu ere. Zera esaten dio estatuak: 'Emakume hau etxegabetzen ez baduzu, proxenetatzat hartuko zaitugu, kartzelara joango zara, eta etxebizitza gabe geratuko zara'. Horren ondorioz, bezero plantak egin dituen norbaiten erasoa jasan duten emakumeak ez dira salatzera ausartzen, badakitelako, salatuz gero, etxerik gabe geratuko direla".

"Gure kontra egiten diren lege guztiek indarkeria dakarkigute: mozal legea-k eta udal ordenantzek, adibidez"

Suediako neurri zigortzaile gehiago aipatu ditu Clementek: putei haurren kustodia kendu diezaiekete sexu langile izate soilagatik, bezeroek kartzela zigorrak jaso ditzakete, kalean bezeroak atzematea debekatuta dute langileek... Agindu horiek guztiek kalteak besterik ez dituztela eragiten iritzi du: "Neurriok klandestinitatera eramaten gaituzte, eta arrisku egoerak areagotzen dituzte". Eta zera gaineratu du: "Neurri zigortzaileek ez dute prostituzioarekin amaituko".

Aldarrikapenak

Zeintzuk dira, beraz, sexu langileen eskubideen alde borroka egiten duten kolektiboen aldarrikapenak? "Lehenik, salerosketaren biktimentzat babesa eta eskubide guztiak eskatzen ditugu. Jende askok uste du prostituzio guztia salerosketan oinarritzen dela, baina ez da egia. Pertsonen salerosketa sektore askotan dago; nekazaritzan, zaintzan, eraikuntzan... Kontua zera da: zergatik existitzen da? Atzerritarren Legeak baldintza batzuk ezartzen dizkiolako hona migratu nahi duen Europaz kanpoko jendeari. Haien egoeraz probetxua ateratzen dute sare kriminalek, eta Europara etortzen laguntzen diete, zor bat ordaintzeko baldintzarekin. Iristean, zor horren baldintzak agindutakoak baino askoz gogorragoak direla ikusten dute emakumeek, eta hori ordaintzeko lan egitea beste aukerarik ez dute", azaldu du.

"Bestalde -jarraitu du-, prostituzioa utzi nahi duten kideentzat enplegu alternatibak egon daitezela eskatzen dugu, badakigulako mundu guztiak ez duela lan hau egin nahi. Alternatiba horiek instituzio publikoek eskaini behar dituzte".

Funtsean, sexu lanean jardun nahi dutenek eskubide guztiak izan ditzaten nahi dute, beste edozein langilek bezala: "Prostituzioan mota askotako jendea aritzen da, beraz, kasu bakoitzera doituko diren eta pertsona guztien borondatea errespetatuko duten konponbide konplexuak behar dira".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide