-Ante eta ASV triow taldeen kontzertuekin hasiko dira Udaberriko Bebarruko Jardunek

Ane Olaizola 2025ko mar. 26a, 14:00

Putxs en Lucha kolektiboak iaz Bilbon egin zuen mobilizazio bat. (Ehgam)

Kulturari ez ezik, prostituzioaren eta armagintzaren gaiei ere helduko diete Matadero Ekintzakek beste udaberri batez antolatu duen egitasmoan. Ostiralean hasiko dira.

Sasoi berriarekin batera hasiko dituzte Matadeixen Udaberriko Bebarruko Jardunek, ostiralean. -Ante eta ASV triow musika taldeak arduratuko dira aurtengo kartela irekitzeaz, baina kultur emanaldiek ez ezik, gizarte gaiei lotutako bestelako hainbat saiok ere osatuko dute egitaraua.

Prostituten eskubideen alde lan egiten duen Putxs en Lucha kolektiboak, esaterako, presentzia izango du aurtengo edizioan; hain zuzen, hango kide den Carolina Clemente aktibistak tailerra emango du goizean, sexu lanaren zein sexu langileen eskubideen aldeko borroka oinarri izanda. Zehazki, lan horren gaineko estigma, sexu askatasuna eta eskubideen aldeko feminismoa izango du hark hizpide, parte hartzaileek duten informaziotik abiatuta eta iturriak berrikusiz. Diskurtso abolizionista ere aztertuko dute, baita politika horiek ezartzen dituzten herrialdetan dauden "ondorioak" ere. Kolektiboaren hitzetan, saio erabat interaktiboa izango da, "etengabeko eztabaidara irekia". Ondoren, bazkaria izango da Maradeixen bertan, eta arratsaldean, proiekzioa eta mahai ingurua egingo dituzte gaiaren inguruan. Ekintza horiek guztiak gaztelaniaz izango dira, eta doan.  

Gasteizkoak talde antimilitaristak, bestalde, Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras (Euskal Herriko industria militarraren birmoldaketa gerra gehiago ez fabrikatzeko) liburua aurkeztuko du apirilaren 10ean. Gerran edo gatazka egoeran dauden herrialdeetara esporatzeko armen ekoizpenean ari diren Euskal Herriko erakundeen eta enpresen lana bildu du taldeak liburu horretan, eta Euskal Herriko armagintzak duen eragina ere jaso du.

Oso bestelako saioak ere izango dira, ordea, Udaberriko Bebarruko Jardunetan: Ekain pailazoak Arlote bat azken ikuskizuna taularatuko du apirilaren 5ean, eta Les Conches Velasques, Ibon RG, Garazi Navas eta Nizeren zuzenekoak ere izango dira apirila eta maiatza artean.

Hona hemen Udaberriko Bebarruko Jardunen egitaraua, osorik:

  • Martxoak 28, ostirala: -Ante eta ASV triow taldeen kontzertuak, 22:00etan.
  • Martxoak 29, zapatua: Putxs en Lucharen tailerra, 11:00etan. Ondoren, bazkaria, eta 17:00etan, dokumental emanaldia eta mahai ingurua.
  • Apirilak 5, zapatua: Ekain pailazoaren Arlote bat ikuskizuna, 19:00etan.
  • Apirilak 10, osteguna: Gasteizkoak taldearen Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras liburuaren aurkezpena, 19:00etan.
  • Maiatzak 1, osteguna: Les Conches Velasques, Ibon RG eta Garazi Navasen kontzertuak, 20:00etan. 
  • Maiatzak 16, ostirala: Nize taldearen kontzertua, 22:00etan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide