Maiatzaren 15etik 25era bitartean egingo dute Euskaraldia laugarren aldiz, eta herriz herri ari dira prestatzen hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea eta euskararen erabilera aktibatzea helburu duen ariketa kolektiboa. Azkoitian, Euskara Mahaia osatzen duten kideak ari dira antolaketa lanetan, Oihana Sudupe Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko koordinatzaileak dinamizatuta, eta martxan da dagoeneko lantaldea. Hain zuzen, atzo arratsaldean bildu ziren Euskara Mahaiko kideak egitasmoa prestatzen jarraitzeko.
Herriek eta entitateek zabalik dute Euskaraldiarekin bat egiteko izen-ematea, eta Azkoitiko Udalak urtarrilean eman zuen izena. Martxotik aurrera, berriz, herritarrek izango dute belarriprest edo ahobizi bezala izena emateko aukera.
Elkar mugituz egingo dugu leloa aukeratu dute antolatzaileek Euskaraldiaren laugarren aldirako, "aktibazioan, mugimenduan, emozioetan eta batak bestearengan dugun eraginean" arreta jarrita. Iazko urrian aurkeztu zuten edizio berria, eta Azkoitiko Bulego taldea arduratu da hari abestia jartzeaz.